Nafarroako Gobernu berria osatzeko negoziaketetan euskara lurralde osoan ofizial izateko aldarriari "lehen minutuan erortzen" ez uzteko eskatu die Euskalgintzaren Kontseiluak alderdi politikoei.
Kontseiluak gogorarazi du apirilaren 20an Nafarroa osoko 200dik gora gizarte eragilek mezu garbia bidali zutela Nafarroako Parlamentuaren aurrera: euskarak ofizial izan behar duela Nafarroa osoan. Aldarri horrekin bat egin zuten beste esparrutako eragile askok, hala nola pertsona migratzaileen elkarteek edo memoria historikoa lantzen dutenek.
Orain, Nafarroako Gobernua osatzeko negoziaketak hasi direnean, eskari bera mahai gainean jarri du Euskalgintzak, eta aldarri horri "entzungor egin ez eta behar bezala hel diezaiotela" eskatu die alderdi politikoei: "Legegintzaldi hau izan dadila behingoz eskubideen zonifikazioarekin bukatu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatuko duena", azaldu du.
Hauteskundeen aurretik Kontseiluak bilera erronda egin zuen hainbat alderdirekin, eta Geroa Baik, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ofizialtasunaren aldeko jarrera irmoa erakutsi zutela ziurtatu du. Zentzu horretan, erakundeak alderdi horiei eskatu die "aldarriari eusteko" eta ez dezatela negoziaketen "lehen minutuan erortzen utzi".
"Ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kenduko, baizik eta aitortu gabe dituenari emanen dizkio", esan du Kontseiluak. Erakundearen ustez, Nafarroako herritar guztien "berdintasunean, kohesioan eta bizikidentzan sakontzeko" giltza da ofizialtasuna.