argia.eus
INPRIMATU
"Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditzeko" eskatu du GKSk Iruñeko eta Bilboko manifestazioetan
  • Salatu dute bankariek, enpresariek eta politikariek gazteen bizi kalitatea “okertu” eta eskubideak “ezabatu” dituztela. Horren aurrean “estatu sozialista” eraikitzera deitu dute. Antolatzaileen arabera, guztira 7.000 lagun batu dira, eta Gararen arabera 4.000 –Bilbon 2.500 eta Iruñean 1.500–.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 31
Bilboko manifestazioa. / Argazkia: Dani Blanco.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta milaka lagun atera dira larunbatean Bilboko eta Iruñeko kaleetara, "burgesiaren diktaturaren aurka". Enpresariek eta politikariek egindako bi “ofentsiba” salatu dituzte: ekonomikoa eta politikoa. Irtenbide gisa “estatu sozialistaren eraikuntza” aldarrikatu dute.

Amaierako ekitaldietan antolatzaileek salatu dute azken urteetan eta pandemia garaietan gazteen bizi kalitateak okerrera egin duela eta eskubideak “ezabatu” dizkietela. Zehaztu dute gazteen ia erdia “pobreziaren atalasetik gertu” bizi dela, arrazoi hauek tarteko, besteak beste: langabezia, soldata baxuak, lan ezegonkorrak, aldi baterako lanak eta bizitzeko baliabideen garestitzea.

Halaber, gogor kritikatu dute “politikari profesionalen errepresioa”, eta egotzi diete koronabirusaren aitzakiaz eskubide zibil eta politikoak “ezabatu” izana. Hala nola konfinamenduak, etxeratze aginduak, kontrol mekanismoak, COVID pasaportea eta poliziaren jazarpena aipatu dituzte, eta “neurri totalitarioak justifikatzea” leporatu diete.

“Burgesiaren bi ofentsiba” horien aurrean aterabidea proposatu dute: “Bankarien, enpresari handien eta politikari profesionalen mundu honi, proletalgoaren antolakuntza independentearen bitartez egin behar diogu aurre”. Gazteei mobilizatzeko eta elkartzeko deia egin diete.

Espainiako Poliziak hainbat pertsona identifikatu ditu ekitaldiak prestatzen ari zirela, Gedarrek jakinarazi duenez, eta Iruñeko manifestaziora zihoazen zenbait autobus geldiarazi. Salatu dute poliziek material batzuk kendu dizkietela.

Iruñeko manifestazioa. / Argazkia: Ekinklik.