50 urte dira gaur Clifford Odets antzezle eta antzerkigile estatubatuarra hil zela. Gizartearen kritika landu zuen idazlearen omenez, Koldo Izagirrek 1998an euskaratutako Exkerraren zain (Waiting for Lefty) antzezlana argitaratu dute Armiarma atariko ‘Euskarari ekarriak’ gunean.
Aipatu obrak New Yorkeko taxilariek 1934an egindako greba du ardatz, eta Group Theatrek taularatu zuen lehenengoz 1935ean, Sanford Meisner zuzendari zela. Lefty Costello da antzezlanari izena ematen dion protagonista, eta oholtzara agertzen ez den arren, sinbolo garrantzitsu bilakatzen da.
Odetsen zenbait lan zinemara eraman ziren: Golden Boy (1937), Clash by Night (1941), The Big Knife (1949) eta The Country Girl (1950). Koldo Izagirreren itzulpena bestalde, Donostiako Gasteszenan taularatu zen 1998an, Joserra Fachadok zuzenduta.