argia.eus
INPRIMATU
Odei, edo diskurtsoa kokatua denean
Maria Ortega Zubiate 2025eko abenduaren 7a
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ondo kotizatutako plaza da Plateruena Durangoko Azokako zapatu iluntzean. Ondo kotizatutakoa, Euskal Herriko kultur azoka handieneko egunik handiena delako; baina baita behinola Plateruena izan zena, Bizkaiko herririk kulturzaleneko altxorra, berpizteko ahalmena duelako. Bada, plaza zail hori egokitu zaio Odeiri, bere disko berriaren, Goizegi Hiltzeko-ren aurkezpenean. Eta jendea eta aretoa bera dantzan jarri dituela esatea gutxi da. Entzuleen burukaden eta beso altxatuen artean entzun dira Euskal Herriko kultur eta herrigintzako agenda, eta ikusi dira ileak tente, jendea baiezka, txaloak nonahi. Eta Odeik sortu du nolabaiteko oinarri komun bat, bertan zeuden guztiek partekatzen zutena, bertakoen printzipio eta borrokek behar zuten sostengua. Eta hori esatea ez da gutxi, Euskal Herri zatikatu honetan.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ohikoa duen estetika iluna izan du lagun oraingoan ere Odeik. Berba zehatz eta ziurren zertzeladek marraztu dute bere diskurtsoa, zorrotz; behar zen tokian soinuarekin lagunduz, behar zenean koroak errepikatuz, behar zenean bere berba hutsez. Egungo gatazka ugariak jarri ditu mahai gainean, eta publikoak bizkor erantzun dio: asmatu du Durangoko Azokak biltzen duen Euskal Herriko gizarte jakin horren kezkak islatzen, kontraesanak plazaratzen, aldarriak errepikatzen.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Hamabost abestiko diskoan, denetariko zapalkuntzei egin die so begietara. Euskal Herri zatitua, hego eta ipar; Polizia Ipar Euskal Herriko muga zelatatzen –Zuen begiak ez ditugu nahi–; euskal arrazismoa, zortzi abizen euskaldunen aitzakiapean –Arrazista zira baina ez dakizu–; Palestinaren aurkako genozidioa –Ta hemen txakurrak sinagogak zaintzen –; langileen prekaritatea –Nagusiak agintzen du baina astoak eramaten du zama–; eta beste zenbait gai arantzatsu.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ausart. Ausart heldu die gaioi Odeik, ausart plazaratu ditu eta publikoak eskertu dio saiakera. Gainezka egitetik urrun, baina ehunka laguni abaro eman dien Plateruenak dar-dar egin du Odeiren bafleen erritmora, salto lotsatiren bat ere eman du; baina, batez ere, atera biderako elkarrizketa andana sortu du. “Niri Odei asko gustatzen zait” eta “Bete-betean asmatu du” asko entzun dira Landako gunera eta Palentinora sakabanatu den jende oldrearen ahotan, eta hori, ez da gutxi; Euskal Herri zatitu honetan, bederen.