Obama Kuban: AEBak iraultzaren problemetako bat baino ez dira

  • Barack Obama AEBetako presidentea Kuban da bisita ofizialean. Presidente estatubatuar batek irla bisitatzen duen lehen aldia da 88 urtean.


2016ko martxoaren 21an - 16:28
Kubaren eta AEBen arteko harremanak beste fase batean sartuko dira Obamaren bisitarekin, baina harremanak ez dira guztiz normaldu oraindik.

Igandean AEBetako enbaxada bisitatu zuen Obamak eta Habana erdigunean ere izan zen. Astelehenean Raul Castro Kubako presidentearekin bildu ostean, Kuba-AEB Negozio Foroan parte hartuko du. Asteartean amaituko da bisita, Habanako Alicia Alonso antzokian hitzaldi bat eman eta Kubako beisbol selekzioak Tampa Bay Rays estatubatuarren kontra jokatuko duen partidua ikusi ondoren.

Argentinako Notas hedabidean bisitaren esanahia aztertuz Santiago Mayorrek publikatu duen analisian esaten denez, AEBek Kubarekin izan duten politikaren porrota islatzen du Obamaren bidaiak. Kubari hainbat hamarkadaz dirua eta zuzkidurak mozteak ez du funtzionatu 1959ko iraultzatik indarrean den sistema politikoa kentzeko. Obamak berak aitortu zuen Kubaren kontrako blokeoak ez daukala oinarririk eta ez zuela “emaitzarik eman”.

Nolanahi, medio argentinarrak nabarmendu duenez, Washingtonek “beste bide batzuk erabiliz” jarraitzen du Kubako sistema aldatu nahian.

Harremanak berreskuratu dira, ez normalizatu

Igandean Obamak Air Force One-tik jaitsi zenean bi pertsona garrantzitsu zeuzkan zain Kubako ordezkaritza ofizialaren baitan: Bruno Rodriguez Parrilla  kantzelari kubatarra eta Josefina Vidal, Atzerri ministerioko zuzendari nagusia AEBetako aferetarako. Vidal izan da bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berreskuratzeko negoziazioetan figura garrantzitsuena eta berak azaldu zuen “harremanak berrezartzea” dela orain martxan dagoen prozesua baina “normalizazioa beste zerbait dela”.

Kubako Gobernuaren ustez harremanak normaltzeko baldintza batzuk bete behar dituzte AEBek: blokeoa amaitzea, lehenik; soldadu estatubatuarrak Guantanamotik ateratzea, bigarrenik; eta “Cuban Adjustment Act” legea bertan behera uztea, hirugarrenik, azken horren arabera AEBetako lurra zapaltzea lortzen duen edozein kubatarrek errefuxiatu izaera lortzen baitu eta Estatu Batuetako herritartasuna ematen zaio.

Blokeoa kentzea ez dago Obamaren esku, AEBetako kongresuak du azken hitza. Eta organo horretako gehiengo errepublikanoak, demokrata batzuekin batera, trabatu egin dituzte salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko ekimenak.

Kubaren beste problemak

Mayorren artikulua Kubak bizi duen paradoxa nabarmentzen bukatzen da: Hego Amerikan eskuina lortzen ari den garaipenak kezkagarriagoak dira Kubarentzat momentu honetan AEBekin duten harremana baino, egoera delikatuan utz baitezakete ekonomia eta diplomaziaren alorretan.

Gainera, XXI. mende hasieran Venezuelaren laguntzari esker ekonomia berreskuratzea lortu zuen irla mehatxatuta dago petrolioaren prezioaren jaitsierarekin eta iraultza bolibartarraren krisiarekin.

Eta Kubak berak martxan jarritako politikek ere desberdintasun egoera “nahiko garrantzitsuak” eragin dituzte munduko gainontzeko herrialdeekin alderatuta berdintasun maila oso altuak dituen herrialdean. Besteak beste, kubatarrei estatuarentzat lan eginda baino irabazi handiagoak ematen dizkieten ekimen pribatuko jarduerak baimentzeak edo atzerriko kapitalak sartzeak –estatuak asko erregulatuta bada ere–, sektore batzuetan soldatak asko handitzea ekarri du.

Kapital pribatuaren hedapena bultza dezakeen logika ekarri du horrek analista argentinarraren arabera. Horregatik dio artikuluaren amaieran ondoko hau: “Dinamika horrek aurrera jarraitzen badu, ezbairik gabe higatuko du iraultzaren oinarri nagusietako bat: bere herriaren kontzientzia”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Blokeoaren amaiera?
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Ana Belen Montes: Los Cinco kubatarrak benetan sei ziren

Raul Castrok eta Barack Obamak bukatutzat ematean AEBen eta Kubaren arteko gerra hotza, diplomazia berrezarri eta normaltasunerako urratsak abiatuz, batak eta besteak askatu zituzten bere etsaientzako lanean aritutako espiak. Ez denak, ordea. Texasen dago preso Ana Belen Montes,... [+]


2015-08-14 | Garazi Zabaleta
AEBren enbaxada Kuban: blokeoa pitzatzen hasi da

Bi herrialdeen arteko hurbiltzearen isla da ostiralean La Habanan berriz irekiko duten AEBetako enbaxada. John Kerry AEBetako estatu idazkaria izanen da ekitaldian. Maila horretako diplomatiko amerikarrak azken bisita egin zuenetik 70 urte pasa dira. 


Washingtongo enbaxadatik harago: lau gako Kuba-AEB harremanen egoera ulertzeko

Astelehenean Kubako enbaxada berria zabaldu dute Washingtonen. 1959ko Kubako iraultzatik, irlak ez zeukan bulego diplomatikorik AEBetan.


Habanako espaloi lurmenduak

Kuba eta AEBen arteko bilera diplomatikoak urtarrilaren 21 eta 22an hasiko dira. Bi herrialdeen arteko harremana nola ikusten den ezagutu dugu Habanako kaleetan barrena.


Eguneraketa berriak daude