Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu dute.
NUPeko Euskara Taldeak 2024-2025eko Euskara Diagnosia egin du NUPek euskarari bizkarra, ikasleok euskarari indarra! dinamikaren baitan. Diagnosiaren bidez unibertsitateak aurrera eramandako euskara plana eta horren ezarpena aztertu dituzte, baita ikasleek horren inguruan duten iritzia jaso ere.
Ezagutarazi dutenez, euskaraz eskainitako kreditu kopurua hazi egin bada ere, hots, 2.061 kreditutik 2.856ra, "dirudiena baino pobreagoa" da. Horren adibide Erizaintza, Medikuntza, Lan Harremanak eta Psikologia jarri dituzte, horietako batzuetan, "ezta ikasgai bakar bat ere ez" dago euskaraz. Halaber, salatu dute unibertsitateak euskara plana eskari eta eskaintza "logika utilitaristaren" bidez planteatu duela eta "hezkuntza publiko eta duina" euskaraz jaso ahal izateko eskubidea ez duela errespetatu.
Gainera, jakinarazi dute euskaraz ematen diren kredituek gora egin badute ere, goraldia Gradu Amaierako Lanei (GRAL) eta praktikaldiei esker izan dela. Euskara taldeak azken horietan jarri du enfasia: "Praktiketarako ez da inolako baliabide materialik eskaintzen". Praktikak euskaraz egiteko aukera "soilik Psikologian, Historian, Gizarte Lanean, Lehen Hezkuntzako Irakasletzan eta Haur Hezkuntzako Irakasletzan" dagoela ezagutarazi dute. Bide beretik, salatu dute unibertsitateak GRALa euskaraz egitearen ardura ikasleen gain jartzen duela eta gradu osoa gaztelaniaz egin behar izan duen ikasle batek nekez egingo duela euskaraz.
Euskara Taldearen proposamena
NUPeko Euskara Taldeak 2026rako plan estrategikoan unibertsitateak kontuan izan beharko lituzkeen gomendio eta proposamenak aurkeztu ditu. Hasteko, euskara teknikaria kontratatzeko eta euskara errektoretza berria eratzeko eskatu dute, lehenengoak "unibertsitatearen plangintza linguistikoa egin dezan", eta bigarrengoak "NUPen euskaratze prozesuan esku hartzea duen" organo bat eratu dezan. Euskara klaseetan zera bermatzeko eskatu dute: "Euskarazko C1 duten irakasleak kontratatzea eta gradua osorik euskaraz egin ahal izateko beharrezko baldintzak ezartzea".