Nuit Debout mugimenduak urteurrena mobilizazioekin ospatuko datorren asteburuan

  • Europako ezkerreko mugimenduen artean 2016ko gertakizunik inportanteenetako bat izan zen Nuit Debout (Gaua Zutik), martxoaren 31n Parisen piztu eta Frantzia osoan zabaldutako protesta berria: Frantziako lan erreformaren kontra sindikatuek deitutako hamaikagarren manifestazioaren ondoren hasitako dinamikan –Espainiako Estatuko M15a eta AEBetako Occupy mugimendua gogorarazten duen formatuz– milaka jenderen atxikimendu eta mobilizazioa antolatu zuen aste luzez. Urteurrenerako, Nuit Debout mugimenduak ospakizunak antolatu ditu asteburu honetatik hasita. 


2017ko martxoaren 28an - 17:41
2016ko apirileko batzarretako bat. Pankartak dio: "Haiek milioiak dauzkate. Gu milioika gara". (Argazkia: Causeur)

Ostirala, martxoak 31; larunbata, martxoak 32; igandea, martxoak 33... kontabilitatea ere irudimenez berritu zuten Nuit Debouteko gazteek. Egun horietarako iragartzen dituzte orain hainbat ospakizun, erdigunea Parisen izango dutenak. Plaza publikoen okupazio orokorra deitu dute astebururako, baina apirilean segitzekotan dira mobilizazioekin, 23an –Frantziako lehendakari berria hautatzeko eguna– Jour Debout (Eguna Zutik) antolatzen ari direlarik.

"Duela urte bete –diote antolatzaileek– plazen jabe egin ginen esateko ezetz lan erreformari baina batik bat haien mundu osoari. Geroztik, indar berriak antolatu dira, haziak ereinda daude. 2017ko martxoaren 31n hasita gurekin hitzordua daukazue denok, balantze bat egiteko, elkarrekin egoteko eta antolatzeko. Nuit Debout guztiei dei egiten diegu nork bere plazetan bilkurak egiteko eta aukera dutenak Pariseraino hurbiltzeko. Parte hartzea ahalik eta handiena izan dadila gure aldarria ozen eta sendo entzun dadin".

Ostiral arratsaldean, Place de la Republique famatuan abiatuko da berriro dena: mugimenduan parte hartzen duten bateko eta besteko taldeek hamabi hilabeteotako balantzeak partekatuko dituzte elkarren artean, bestelako erakustaldi eta kontzertuen artean. Larunbateko ekitaldiak goizean Tuilleries lorategietan burutuko dituzte eta arratsaldekoak Stalingrad plazan. Igandean, ospakizun nagusia Errepublika plazan: 13:00etatik aurrera Nuit Debouten baitan sortu diren batzorde ugarien balantzea eta iluntzeko 19:00 Debout Orkestraren kontzertua. Jendearen parte hartzez orkestrak jokatuko duen errepertorioa eta partiturak sarean jarri dituzte.

Mugimenduaren eguneroko albisteak Gazette Debout aldizkari elektronikoak irakur daitezke. Mugimenduan parte hartu duten zortzi emakume eta gizonek idatzi dute #32Mars liburua, Nuit Debouten gakoak hobeto ulertarazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude