argia.eus
INPRIMATU
'Novaya Gazeta' egunkaria behin-behinekoz itxi du Errusiak
  • Errusiak Novaya Gazeta egunkariaren publikazioa behin-behinekoz gelditu du, "operazio militar bereziak iraun bitartean"; Ukrainako inbasioa hasi zenetik hainbat hedabide itxi ditu Kremlinak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 29a

Novaya Gazeta egunkariaren jarduna gelditu du Errusiak behin-behinekoz, "operazio militar bereziak" iraun bitartean. Ukrainako inbasioa hasi zenetik Roskomnadzor Errusiako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Zerbitzu Federalaren bigarren abisua jaso zuen atzo Novaya egunkariak, eta publikazioa gelditu du.

Hilabete hasieran beste hedabide batzuen lana ere behin-behinekoz eten zuen Errusiak. Dozhd telebistaren eta Ekho Moskvy irratiaren emisioak gelditu zituen Roskomnadzor-ak. Bi hauez gain, Errusiako beste hainbat webgune eta hedabide debekatu zituzten, baita hainbat nazioarteko hedabide, BBC, Voice of America eta Radio Free Europe tartean.

Gerraren aurpegi errepresiboa

Ukrainako inbasioak Errusiaren eta Ukrainaren izaera errepresibo eta antidemokratikoa ari da azalerarazten. Ukrainan, 2015ean debekatu zituzten alderdi komunistak, eta inbasioaren ostean gerra-legea ezarri zenetik, hamaika alderdi politiko debekatu dituzte, eta hedabideei "propaganda errusiarra" egitea debekatu zieten, lege berri bati esker.

Bestalde, Errusia gogor ari da egiten inbasioaren aurkako manifestarien aurka, milaka pertsona atxilotuz. Hedabide asko debekatu ditu, eta "inbasioaz" edo "gerraz" hitz egitea ere debekatu die hedabideei.