"Boikota egin Palestinan nazioarteko legedia urratzen ari diren konpainiei". Lelo horrekin abiatu dute Norvegian Euskal Herriko CAF enpresaren aurkako kanpaina. Enpresa hau herrialde horretan pisua irabazten ari dela, eta norabide horretan, 2021eko urtarrilean Norvegiako Garraio Ministerioak kontratu nagusi erabakiko duela gogorarazi dute. Espainiako Estatuan, RENFEri eskatu diote enpresa hau hurrengo lizitaziotik kanpo uzteko legeak baimentzen duen "konportamentu okerra" argudiatuta.
CAF da Norvegiako garraio konpainia publikoaren hornitzaile nagusia. Lotura honetan irakur daiteke trenak egiten dituen euskal enpresak herrialde Eskandinaviarrean duen pisu ekonomikoa. BDS kanpaina bultzatzen duten ekintzaileek euskal enpresari gogorarazi nahi izan diote asko duela galtzeko Jerusalemgo tranbia egiteari uko egiten ez baio.
BDS kanpainak indarra du Europa iparraldean eta ez da lehen aldia Israelen egin nahi izan dituzten negozioen harira, herrialde eskandinaviarretan kontratuak galtzen dituela batek baino gehiagok. Dagoeneko hainbat eragile norvegiarrek bat egin dute CAF boikotatzeko kanpainarekin, besteren artean, Norvegiako Lokomotora Fabrikatzaileen Elkarteak, Norvegiako Trenbide Elkarteak eta hainbat sindikatuk.
Ez kontratatu CAF apartheida eraikitzen jarraitzen duen bitartean Palestinako lurralde okupatuetan. BDS kanpainaren barnean, RENFEri Euskal Herriko enpresa honekin ez kontratuak egiteko deituz atxikimenduak biltzen hasi dira.
2019ko abuztuan CAFek eta Israelgo Shapir enpresek Jerusalemgo tranbia egiteko kontratua irabazi zuten elkarrekin. Proiektu honek Jerusalem eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari diren kolonia israeldarrak batuko lituzke AHT bidez.
Hori dela eta CAFi kontratu honi uko egiteko eskatuz kanpaina abiatu zuten LABeko langileek lehenik, gero enpresa komite osoak eta gaur egun nazioarteko kanpaina bilakatu da.
RENFErekin 2.700 milioi euroko kontratu erraldoia lizitatzen ari direla gogorarazi dute BDSko ekintzaileek. Espainiako legeriak enpresa batzuk beren ekintza eta konportamenduagatik bazteratzeko aukera ematen duela gogorarazi dute, eta CAF baztertzeko eskatzen hasi dira.
Palestina Askatzeko Erakundeak publikoki eskertu zuen CAFeko langileen jarrera. Gutuna helarazi zien langileei zuzenean antolakundeko antolakuntza idazkari nagusi Saeb Erekat-ek: "Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat”.
Eskari hau babesteko, manifestazio nazionala deitua dago Gasteizen azaroaren 28an.