Trantsiziorako Euskal Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, konfinamenduaren osteko asteak arautzeko. Garraio publikoaren kasuan, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, eta Jaurlaritzak gelak banatzeko guneak eta tenperatura kontrolak jarriko ditu.
Maskaren erabilera ezinbestekoa izango da garraio publikoan. Jaurlaritzak adierazi du konfinamendua amaitutakoan bidaiari kopurua hazi egingo dela, eta ez dela segurtasun distantzia mantenduko. Erabiltzaileek maskara janzten badute, gainera, bidaiari gehiago sartu ahalko dira garraioan, orain arte autobusek beren 1/3eko okupazioan baitabiltza.
Gelari dagokionez, Eusko Jaurlaritza izango da horiek banatzeko guneak jartzeko arduraduna. Sarbidea mugatuta duten geltokietan, bidaiariak hesi bidez kontrolatzen diren lekuetan eta hiriburuetako geltoki nagusietan jarriko dituzte, besteak beste. Dena den, adierazi dute banagailuak geltokietan bertan egongo direla, hesiak gainditu eta gero, eta ez autobusetan.
Tenperatura kontrolak jartzeko asmoa ere adierazi du Jaurlaritzak. Ez dira kontrol finkoak izango, ekipo mugikorrak izango dira kontrolen arduradunak. Garraio publikorako sarbideetan egingo dituzte; Euskotreneko tren geltokietan, Bilboko metroan eta hiriburuetako autobus geltoki intermodaletan. 37ºC baino tenperatura altuagoa dutenak osasun zerbitzuetara bideratuko dituzte.