argia.eus
INPRIMATU
Nola lortu zuen Queipo de Llano genozidak Gambogaz etxaldeaz jabetu eta aberastea?
  • Jeneral frankistaren aberastasun iturri nagusienetakoa izan zen Sevillako Gambogaz etxaldea, preso errepublikar esklaboak erabili baitzituen hango lurrak lantzeko. Etxaldearen salerosketa irregularraren atzean, Fulgencio Echaide notario iruindarra egon zela dio historialari batek aurkitutako dokumentuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko azaroaren 04a

Queipo de Llano jeneral frankistaren gorpuzkinak Sevillako Macarena basilikatik atera berri dituzte. Zalaparta sortu du 1936ko Gerran hiri hartan genozidioa bultzatu zuen pertsona horren hezurrak ohorezko tokian lurperatuta egotetik hilkutxa batean gaueko ordu txikietan ateratzeak.

Ia ezkutuan egin da operazioa, jakinik frankismoaren krimenen kontrako mugimenduak Memoriaren Legea oinarri hartuta aspaldi eskaturik zuen pauso horrek zeresana emango zuela. Queipo de Llanoren senide batzuek txalotan hartu dituzte gorpuzkinak, baina ilunpean, Memoria Nuestra elkarteko presidente Paqui Maquedaren oihuak entzun dira, biktimen alde eta hiltzaile frankisten kontra:

Queipo de Llano izan zen 1936ko Gerrak iraun zuen bitartean, batez ere lehen hilabeteetan, heriotzak, fusilatzeak eta bestelako basakeriak sutsuki akuilatu zituen pertsona nagusietako bat. Sevillan estatu kolpea gidatu zuen eta errepresioa zabaldu –hiri hartan soilik gutxienez 3.000 lagun fusilatu zituzten–. Irrati bidez Union Radio Sevillatik emandako mezuengatik egin zen ezagun, terrorea zabaltzeko erabili baitziren bere hitzak. 50.000 heriotzaren erantzule izan zela uste dute ikerlariek.

Mende hasieran Nafarroako giro abertzalean ibilitakoa, euskaltzalea, hortik urte batzuetara Sevillan aurkitzen dugu Echaide. Eta 1936ko Gerra pizterakoan, dirudienez, notario lanak ugaritu zitzaizkion frankisten ondoan

Baina errepresioa eta basakeria izugarriena sustatzeaz gain, frankismoaren itzalean aberastu ere egin zen jenerala. Tartean Guadalquivir ibaiaren ondoan dagoen Gambogaz izeneko etxalde edo cortijo handiaren jabe egin zen. Jauregi moduko bat.

Bertan bizi izan zen bitartean, esklaboak erruz erabili zituen bereganatu zituen 500 hektarea lurrak lantzeko, horretarako Sevillako lurralde kartzelatik preso errepublikarrak ateratzen zituzten Gobernadore Zibilaren aginduz, Jose María García Marquez historialariak ikertu duenez.

Gambogaz etxaldeko fundazioaren lanetarako "besoak" eskuratzeko Sevillako Gobernadore Zibilaren agindua, presoak lurralde kartzelatik ateratzea aginduz (argazkia: Jose María García Marquez / CeaQua)

Duela gutxi, maiatzean, beste historialari batek, Jose Villak dokumentu baten bidez frogatu ahal izan du Espainiako Bankuak finantzatu zuela etxaldearen salerosketa: 100.000 pezeta eman zizkion izaera “benefiko-patriotikoa” zuen enpresa abiatzeko. Eta horretarako notario iruindar baten laguntza izan zuen: Fulgencio Echaide Aguinagarena.

Nor zen Fulgencio Echaide?

Mende hasieran Nafarroako giro abertzalean ibilitakoa, aita Salvador Echaide, antikarlista eta Asociacion Euskararen sortzaileetakoa izan zen. Fulgencio ere euskaltzalea zen, berdin aurkituko dugu San Andres egunean euskal berpizkundeaz hitzaldiak ematen, edo Nafar Buru Batzarraren mitinetan, Urrozen, Tafallan edo Uxuen. Abokatua lanbidez, hortik urte batzuetara Sevillan aurkitzen dugu Echaide. Eta 1936ko Gerra pizterakoan, dirudienez, notario lanak ugaritu zitzaizkion, frankisten ondoan.

Gambogaz etxaldea gaur egun, Sevillako lur hoberenetan kokaturik, ehundaka esklabo erabili zituen Queipo de Llanok han landutakoarekin aberasteko (argazkia: CNT Andaluzia)

Berak sinatu zuen 1937ko abenduaren 24an Gambogaz Queipo de Llanoren eskutan uzten zuen salmenta dokumentua, eta historialariaren arabera funtsezkoa izan omen zen, ingeniaritza juridikoa erabiliz –fundazio bat sortu zuten berariaz–, ezkutatzeko egiaz modu irregularrean bereganatu zuela genozidak etxaldea, eta ez herritarrek “Sevilla salbatzeagatik” egindako diru-ekarpenen bidez, kontakizun frankistak hamarkada luzez azaldu zuen bezala.

Francisco Francoren Meirasko pazoarekin gertatu bezala, kasu honetan ere talde memorialistek Gambogaz plataformarekin nahi dute etxaldea Sevillako herriari itzultzea –2018an SAT sindikatuak okupatu zuen tarte batez–, eta horretarako beste bide bat ireki zaie orain.