Nork eta zer erabaki

  • Bete-betean harrapatu gaitu gazteok Kataluniaren auziak. Agian, gure belaunaldiarentzat mugarria izango den gertakari historikoa bizitzen ari gara uneotan, eta batera edo bestera, geure eguneroko elkarrizketagai bihurtu da azkenaldian.


2017ko azaroaren 10an - 11:54

Badirudi Euskal Herria ere kutsatu dela erabakitzeko eskubidearen kontuaz, eta berriz ere, agenda politikoaren lehen lerroetan ikus ditzakegu hemen eta han politikariak; batzuek besteei kontu eske, besteak Kataluniako olatua aprobetxatzeko oharataraziz, zer den erabakitzea eta zer erabaki daitekeen eztabaidatzen azkenak.

Indarraldi hori aprobetxatuz beharbada, Euskadiko Gazteria Kontseiluak unibertsitateko Ikasle Kontseiluarekin batera antolatu du #GaztEztabaida EHUko Gizarte eta Komunikazioen Fakultatean. Non bestela. Hamaika iritzi borborka dituen eltzea izango da une honetan fakultatea: pintadak nonahi, hausnarketarako forak, manifestazioak…

Kontseiluak bota du galdera: Erabakitzeko eskubidea, zuk zer uste duzu? Pentsatu dut galdera niretzako zela, fakultatean oraindik hanka erdia baduen emakume gazte batentzat. Pentsatu dut galdera, niretzat, guretzat, zela: unibertsitateko komunitatea osatzen dugun eta gaiaz interesa dugun edonorentzat. Nik zer uste dudan, gauza asko esan nitzake foro horretan, baina, bat-batean ikusi ditut elkarrizketara gonbidatu dituzten adituak: gizonak denak eta helduak gehien bat.

Ez ote diguten emakumeoi foro horretan erabakitzeko, hitz egiteko eskubidea kendu, horixe pentsatu dut hurrena. Ez ote gaituzten eszena politikoaren fokupetik bota (berriz). Zer uste dudan galdetuko balidate, esango nieke emakumeoi kendu zigutela aspaldi erabakitzeko eskubidea; estatu modernoen eraikuntza eta politika liberalaren eredua ezarri eta berehala. Esango nieke, edozein hitzarmen sozialen aurretik egon zela hitzarmen sexual bat, zeinak urte luzez bermatu duen gizonezkoek eszena politikoaren monopolioa izatea, eta gizonekoek izan dutela ordutik lehentasun politikoak ezartzeko eskubidea (haiek, eta soili soilik haiek). Emakumeak jarri gaituztela “gure kontuak” erabakitzen; emakumearen institutua dela, berdintasun politikak direla… eta ia sinistu dugula geuk ere badugula eragiteko gaitasuna, kontu publiko, politiko hegemonikoetan ere erabakitzeko ahalmena.

Orduan gogoratu naiz bilera batean isilik egon nintzela -bi orduz akaso- arlo sozioekonomikoaz, hezkuntzaz eta zabor bilketaz eztabaidatzen ari ziren bitartean. Eta halako batean, norbait konturatu zela hitz egin nezakeela, erabaki nezakeela gai baten inguruan: feminismoaz. Eta orduan, gogoratu naiz, gainera, zazpi puntutatik azken aurrena zela hura. Alegia, zeinek erabakitzen duen eztabaidagaia zer den, zer erabaki daitekeen, zer den publikoa eta politikoa letra larriz; eta zer diren gure kontuak.

Eta pentsatu dut, ez dela hori esperientzia pertsonal hutsa (politikoa da, sinistuidazue) eta ziur asko, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultatean badirela halako bizipenak izan dituzten hamaika emakume. Are gehiago, ez dakit Gazteria Kontseiluak edo Ikasle Kontseiluak begiratu dituen estatistikak, baina nago ikasleen erdiari baina gehiagori kendu digutela aukera subjektu politiko bihurtzeko; erabakitzeko eskubideaz zer uste dugun hausnartzeko-esateko aukera kendu digutela zaflako batez.

Ez dakit kartel triste horren ardura kontseiluek duten, edo alderdiak izan ote diren aditu horiek bidaltzeko erabakia egin dutenak. Edonola ere, jakin dezatela onartezina dela horrelako gai baten inguruan hitz egiteko eztabaida piztu eta emakumerik ez izatea lehen lerroan. Kataluniako olatua hartzen badute, har dezatela bertan egiten ari diren proposamen feminista ere jasoz, edo bestela ez dezatela hitz egin horren modu kategorikoan.

Erabakitzeko eskubideaz nik zer pentsatzen dudan galdetu dute kartelean, eta gonbidatuak ikusita, ohartu naiz ez dudala ez horren inguruan pentsatzeko eskubiderik ezta erabakitzeko eskubiderik ere.

Hara bildutako gizonei egingo nieke galdera:

Erabakitzeko eskubidea (denok?): Zuk zer uste duzu?

Bertan egongo al zara?

Albiste hau Klittok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude