argia.eus
INPRIMATU
Nork egin du margolan famatu hori?
2005eko martxoaren 12a

Jon Torner jontorner@argia.eus AEBetako Darmouth College unibertsitateko Hany Farid irakasleak arte historiagileen susmoa baieztatu du: Pietro Perugino (1450-1523) pintore italiarraren obratzat hartzen den Madonna Umearekin margolana lau artistek margotu zuten. Hanover-eko Hood Museoan ikusgai dagoen koadroan agertzen diren sei pertsonaietatik hiru (Madonna eta haren eskuinaldean dauden bi santuak) Peruginok margotu zituen, baina gainerako hiruak (Umea eta beste bi irudiak) beste hiru artistek. Dirudienez, pintore errenazentistaren hiru ikaslek hartu zuten parte koadroan. Hany Faridek, Dan Rockmore eta Siwei Lyuren laguntzarekin sortutako Digital Art Forensics programa informatikoa erabiliz heldu da ondorio horretara. Softwareak, hainbat erreminta digital eta algoritmo matematiko erabiltzen ditu artelanak faltsuak ote diren edo obra bat zenbat lagunen artean margotu duten jakiteko. Sistemak, behin koadroa eskaneatuta dagoenean, pintzelaren trazua eta haren dentsitate nahiz presioa aztertu eta alderatzen ditu. Adituen eszeptizismoa Esparru akademiko eta artistikoetan, aditu batek esandakoak edozein teknologiak baino indar handiagoa du sarri eta horregatik, hasiera batean zalantzaz begiratu zioten Faridek garatutako softwareari. Dena den, irakasle estatubatuarrak bere sistemaren fidagarritasuna frogatu ahal izan zuen New Yorkeko Museo Metropolitanoko adituen aurrean. Ustez Pieter Bruegel Zaharrak margotutako hamahiru obra eskaneatu zituzten eta Digital Art Forensics softwareak oso erraz desberdindu zituen originalak eta faltsuak zirenak. Adituek margolan konkretu baten gainean dituzten susmoak egiaztatzeaz gain, beraz, programa informatiko horrek merkatuan dauden obra faltsuak lokalizatu ditzake. - Ondorengo helbidean Hany Farid-i aipatu softwareari buruz egindako elkarrizketa bat entzun dezakezue: http://nhpr.org/view_content/7797/ Antzinako Egiptoko hileta-monumentuak Artea eta teknologia berriak uztartzeko interesak bultzatuta, beste hainbat proiektu burutu du irakasle estatubatuarrak. Esaterako, Antzinako Egiptoko hileta-monumentuen barnealdea birtualki berreraikitzeko softwarea sortu du. Berak dioenez, "ironikoa da arkeologoek hilobiak aurkitzea eta jendeak horiek ikusteko aukera ez izatea". Software honi esker, neurri batean bederen, monumentu horien barnealdean ibil gaitezke. Poliziaren kolaboratzaile Zuzenean artearekin loturarik ez duten proiektuak ere garatu ditu Faridek. Besteak beste, esteganografia izeneko teknika erabili du artxibo digitaletan (testu, irudi nahiz soinu grabazioetan) ezkutaturik dauden mezuak aurkitzeko. Sistemaren garapenaren zati bat AEBeko Justizia Departamentuak finantzatu du eta poliziak sarri eskatu dio laguntza Darmoutheko unibertsitateko irakasleari. Faridek dioenez, "mezua ezin da beti deszifratu, baina komunikazio susmagarriak identifikatu ditzakegu". Auskalo AEBeko Gobernuarentzat mezu "susmagarriak" zeintzuk diren... Esteganografia, dena den, Digital Art Forensics softwarea ez bezala, ez da, ezta gutxiago ere, gaur egungo asmakuntza. Terminoak jatorri grekoa du -"steganos" (sekretua) + "grafia" (idazkera)- eta informazio zehatz baten barnean mezu ezkutu bat sartzeko arte edo zientziaz hitz egiteko erabiltzen da. Herodotoren garaian, Antzinako Grezian, teknika hau jada erabiltzen zuten. Xerxes Babiloniako emirrak Grezia inbaditzeko asmoa zuela jakinarazteko, mezu ezkutu bat igorri zuten Espartara. Garai hartan argizariz estalitako oholetan idazten zuten. Hala, mezu sekretua egurraren gainean idatzi zuten. Haren gainean argizaria bota eta bertan mezu "inuzenteago" bat jarri zuten, arerioen eskuetara helduz gero susmorik ez sortzeko. Historian salto handia eginez, II. Mundu Gerran ere badugu adibide aipagarririk: mezuak mikrofilmatu egiten zituzten, puntuazio ikur baten tamainaraino murriztuz. Horrela, "i" baten puntutxoa errealitatean mezu ezkutua zeraman mikrofilma izan zitekeen. Gaur egun, teknologia berrien garapena medio, esteganografia teknikak ugaritu egin dira. Ohikoena, agian, mezu sekretua elementu multimedietan ezkutatzea da, mezu originalaren bit-ak soinua edo irudiak dauzkaten artxiboen bit-en artean nahasiz. Sortuko den artxiboa guztiz funtzionala izango da eta itxura guztien arabera ez du ezer susmagarririk izango.