Sadiq Khan alkateak azaldu duenez, erabakiak hiriko garraio publikoan izango du eragina. Iragarkiak kontrolatzeko komisioa sortzea eskatu du.
Ohikoa da hirietako kaleetan norbere gorputzari erreferentzia egiten dioten kartelak aurkitzea. Edertasun molde jakin batekin lotuta dauden iragarkiak izan ohi dira. Londresko udalak haiek debekatzea erabaki du, elikadura-jokabideetan nahasmendua sortu dezaketela iritzita.
Sadiq Khan alkate hautatu berria da neurriaren bultzatzaile nagusia. Khanek azaldu duenez, mota horretako iragarkiak debekatuko ditu metroan eta autobus publikoetan. Gisa horretako kartelekin “kezkatuta” agertu da: “Seme-alaba nerabeak ditut, eta asko arduratzen nau gaiak. Jendeari kalte egin diezaioke, batez ere emakumeen kasuan, eta duten gorputzaz lotsa sentiarazi. Honekin amaitu behar da”.
Hiriko garraio publikoaren jarduerak ikuskatzen dituen Transport for London enpresari egoera hau kontrolatzeko komisioa sortzea eskatu dio Khanek. “Inor ez litzateke presiopean sentitu beharko gorputz eredu irrealez inguraturik bidaiatzen duelako”, adierazi du The Independent egunkarian.
Bere aldetik, Transport for London-eko Garapen Komertzialeko zuzendariak azaldu du garraio publikoan hori kontrolatzea ez dela horren erraza: “Gure euskarriak ezberdinak dira telebista, internet edo papereko hedabideen aldean, erabiltzaileak ezin baitu gailua itzali edo orriz aldatu iragarkia ez badu atsegin edo kalte egiten badio”. Hala, jartzen dituzten iragarkiek “giro atsegina bermatzea” euren betebeharra dela onartu du.