argia.eus
INPRIMATU
Norabidea aldatu
  • Garraioaren sektorea da gaur egun Euskal Herrian berotegi efektuko isurketen erantzule nagusia (%35), energia gehien kontsumitzen duena (%47) eta petrolio kopuru handiena erretzen duena (%74). Gainera beste sektore batzuetan isuriak apurka-apurka murrizten diren bitartean, garraioan ia hirukoiztu egin dira 1990eko hamarkadatik hona. 1987an garraioak 726 kto energia kontsumitzen zituen, 2023an, berriz, 2133 kto. Denbora tarte berean industrian 2.450 kto-etik 1.500era pasa da.

Jauzi Ekosoziala 2025eko uztailaren 10

Baina hauek ez dira kotxe pribatua oinarri duen garraio eredu honek dakartzan arazo bakarrak. Alde batetik, gorago aipaturikoari osasun publikoarentzat dituen kalteak gehitu behar dizkiogu, airearen kutsaduraren arduradun nagusietako bat izateaz gain, milaka hildako eragiten dituelako istripuetan eta bizi eredu sedentario bat sustatzen duelako, bihotzeko gaixotasunen intzidentzia handituz.

Beste aldetik, hartzen duen espazio guztia ere aipatu behar dugu. Hirien espazio publikoaren zati handi bat akaparatzen du (%68 Espainiako hirietan), bestelako erabilerak ekidinez. Imajina dezagun zelako hiriak izango genituzkeen asfaltoa kendu eta berdeguneak jarriko bagenitu. Klima aldaketari aurre egiteko hobeto prestatuta egongo ginateke, adibidez, uholdeei zein bero olatuei aurre egiteko askoz ere egokiagoak izango baitziren.

Landa gunean hartzen duen lurren ehunekoa dezente txikiagoa izan arren, kalte handiak eragin ditzakete ere, balio handiko eremu naturalak suntsituz (Bolintxu ibarra adibidez) eta faunarentzako harresi gaindiezina izanez, biodibertsitatearen galera bultzatuz.

Gainera eredu autozentriko honek gizartearen hainbat talde kanpo uzten ditu: umeak, agureak, migranteak, langile klasearen sektore pobretuenak… ezin baitute garraio politikaren zentroan dagoen kotxea erabili. Argi dago, beraz, garraio eredu honi buelta eman behar diogula trantsizio ekologiko bat martxan jarri nahi badugu, baina gaur egungo politikak norabide okerrean doaz.

Garraio publikoaren deskontuak mantentzea albiste pozgarria bada ere, garraio publikoa urteetako inbertsio falta sufritzen dabil. Aldi berean, gainera, errepide berrien eraikuntza ere jartzen da mahaigainean, bertan milioiak eta milioiak xahutzeko intentzioa adieraziz, honek kotxe pribatua are gehiago bultzatuko dutela txosten ofizialetan ere onartu arren. Eta hori gutxi balitz, hirigintzak kotxean oinarrituta egoten jarraitzen du eta, honek, merkatuaren menpeko etxebizitza politikarekin batera, milaka pertsona behartzen ditu egunero kotxea hartzera.

Larrialdi ekologikoari aurre egiteko politikak sustatu beharrean, automobilgintzaren eta eraikuntza enpresen interesak defendatzeko politikak bultzatzen dira

Finean, larrialdi ekologikoari aurre egiteko politikak sustatu beharrean, automobilgintzaren eta eraikuntza enpresen interesak defendatzeko diseinaturiko politikak bultzatzen dira. Beraz, ezinbestekoa da herritarrok martxan jar gaitezen garraio politikaren norabidea aldatzeko, interes handiak baitaude norabide okerrerantz bultzatzen.

Zeintzuk dira orduan martxan ipini behar ditugun politikak garraio sektorean trantsizio ekologikoa martxan ipintzeko? Ba bi helburu nagusi izan behar dituzte: Garraiobideetan aldaketa modala (autoaren erabiltzaileak beste garraiobide batzuetara bideratu) eta joan-etorrien kopuru eta distantziak murriztea (garraioaren desazkundea).

Hainbat dira norabide horretan har daitezkeen neurriak: hirietan auto pribatuentzako espazioa murriztea, beste garraiobideei edo berdeguneei eskainita, garraio publikoaren maiztasunak hobetzea, garraio publikoari lehentasuna ematea….

Soluzioa ez da soilik autoz mugitzeko aukerak mugatzea, baizik eta egunerokoan autorik behar ez izateko bizitzak eduki ahal izatea

Baina aldaketak are sakonagoak izan behar dira, izan ere, soluzioa ez da soilik autoz mugitzeko aukerak mugatzea, baizik eta egunerokoan autorik behar ez izateko bizitzak eduki ahal izatea. Horretarako gure herri eta auzoak autorik gabeko paradigman eraiki behar ditugu.

Beraz, asko dugu borrokatzeko. Borroka gaitezen autobide proiektu berrien aurka, borroka gaitezen garraio publikoa indartzearen alde, borroka gaitezen gure hiriak pertsonentzat diseinatuta egon daitezen… Borroka gaitezen, finean etorkizun bizigarriago baten alde.