argia.eus
INPRIMATU
Nor da terrorista?

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko azaroaren 15a
Banksyren artelana Belenen, Lotsaren harresitik gertu. (Argazkia: Wikimedia Commons / Pawel Ryszawa)

Genozidioa, terrorismoa, totalitarismoa. Hiru hitz gogor eta lazgarri, Gazan martxan den gerrak gogora ekarri dizkigunak. Hitz potoloak dira, sarri arinkeriaz erabiltzen direnak. Palestina aldeko berri tristeek parada ematen digute eztabaida terminologikoez hitz egiteko. Izan ere, ez dira gutxi izan zinismoz jokatu duten kazetari eta politikariak. Lehenik, Hamas talde terrorista dela esan dute eta bere erasoak gogorki gaitzetsi dituzte; baina jarraian, inolako lotsarik gabe, esan dute Israelek bere burua defendatzeko eskubidea daukala, hots, indarkeria erabili eta arabiarrak sarraskitzeko eskubidea.

Eztabaida hori bera akademian ere gertatzen da sarri. Historialariek, politologoek eta soziologoek, besteak beste, gure ikerketak egiteko ahalik eta termino zehatzenak, analitikoenak, behar ditugu, ikertu edo azaldu nahi duguna ahalik eta zorrotzen definitzeko. Baina erabiltzen diren hitzetako batzuek konnotazioak dituzte, eta analitikoak baino baloratiboak bilakatzen dira. Euskal Herriko azken indarkeria zikloaren inguruan ikertzen aritu diren historialari batzuen aburuz, esaterako, ezker abertzalea terroristatzat ez ezik totalitariotzat ere hartu izan dute.

Terrorismo kontzeptua Frantziako iraultzaren garaiko monarkikoek erabili zuten lehendabiziko aldiz, Robespierren gobernu iraultzailea salatzeko. Definizioz, terrorismoa helburu politikoak erdiesteko terrorea edo izua erabiltzen duen ekintza da. Adiera hori modu zorrotzean erabiliko balitz, zentzugabeko baieztapenak adituko genituzke: «ETA talde terroristak terrorea erabiltzen zuen, diktadura terrorista bati aurre egiteko»; «Hamas talde terroristak Israelgo estatu terroristari eraso dio». Ene uste apalean, barra-barra erabiltzen den hitz horrek, ez du deus ere zorrozki azaltzeko gaitasunik; akademian behintzat ez. Ez al du Israelgo armadak Hamasek baino terrore gehiago eragin? Asimetria terminologiko horrek zerikusirik dauka, ziur aski, bi bandoen izaera ezberdinarekin. Israelek armada erregular eta estatala dauka eta Palestinak ez. Israel Mendebaldearen aliatua da eta Hamas ez.

Terrorismo hitzaren erabileraren atzean, zorroztasun analitikoa baino, epaiketa moral bat markatzeko nahia dago. Hitz hori darabilten kazetariak, ikerlariak eta politikariak esaten ari zaizkio, entzuleari edo irakurleari, gatazka honetan zein den zintzoa eta zein den gaiztoa. Esaten ari zaizkio, funtsean, zer pentsatu behar duen.

Gertatzen ari denari hitz bat jarri beharko bagenio, genozidioa da hori. Kontzeptua 1944an asmatu zuen Raphael Lemkin abokatu poloniarrak. NBEk honela definitu zuen: «Talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz» egindako ekintzak; Israelgo Gobernuak arabiarrekin egin nahi duena bezalaxe, haiek hala aitortuta. Hori bai izua!