2017ko bigarren sei hilabetean jasotako datuen arabera, atzerritarren etxebizitza salerosketari dagokionez, Espainiako estatuko batezbestekoaren gainetik kokatzen da Hego Euskal Herria.
Notariotzaren Kontseilu Orokorrak argitaratutako datuen arabera, Espainiako estatuko autonomia-erkidegoetan atzerritarrek egindako etxebizitzen salerosketak gora egin du 2017 urtearen bigarren erdian.
Igoera esanguratsuenen artean dago Nafarroakoa, %34koa, 260 salerosketarekin. 532 salerosketarekin EAEn emandako %23,4ko igoerarekin batera, Espainiako Estatuko batez bestekoa gainditzen dute Hego Euskal Herrian jasotako zifrek.
Datuen artean arreta deitzen du Hego Euskal Herrian bizi gabe, hemen etxea erosten duten pertsonen jatorriak. Nagusiki Frantziako Estatukoak dira (%17 EAEn eta %57 Nafarroa Garaian), baina emandako informazioak ez du zehazten horietatik zenbat diren Ipar Euskal Herrikoak.
Deigarria da, era berean, Nafarroan etxea erosi duten estatubatuarren kopurua: bertan bizi gabe etxea eskuratu dutenen artean %29 AEBetakoa da. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan etxebizitza erosi duten Erresuma Batuko biztanleen portzentajea ere (%14) esanguratsua da, hemen bizi ez diren erosleen artean bigarren kolektiboa bihurtu baita EAEn.
Metro koadroaren prezioaren batez bestekoari dagokionez ere, %5,7ko gorakada izan da Espainiako Estatuan, prezioa 1.717 euroan jarriz. Autonomia-erkidego batetik bestera aldaketa nabarmenak daude metro koadroaren batez besteko prezioari dagokionez ordea. Hego Euskal Herria Espainiako Estatuko batez bestekoaren gainetik dago. 981 eurokoa da batez besteko prezioa Nafarroan, baina 2.123 euroraino igotzen da EAEn.
Iazko datuekin alderatuz gero, epe honetan jasotako zenbakiek %57,4ko igoera azpimarratzen dute Hego Euskal Herrian atzerritarrek egindako etxebizitzen salerosketari dagokionez.