argia.eus
INPRIMATU
Non geratu da Wendy?

Mikel Aramendi 2023ko ekainaren 19a
AEBetako Estatu-idazkari Anthony Blinken eta Txinako Kanpo Arazoetako ministro Qin Gang / Argazkia: Txinako Kanpo Arazoetarako Ministeritza

Ez al zen ozpinkeria horraino helduko. Baina Txinako Kanpo Arazoetako ministro Qin Gang-ek AEBetako Estatu-idazkari Anthony Blinken-i, , Beijingeko Diaoyutai estatu-bisitarien etxean harrera egiten dion uneko argazkia ikusita, bati bururatzen zaion gaiztakerietako bat da: "Kaixo Tony, ongi etorria! Ondo al zarete Washingtonen? Non geratu da Wendy?". Eztenkadaren errematea izango litzateke irribarrea gutxitan uzten duen Qin horrek are gutxiagotan irribarre egin ohi duen Blinkeni esango balio: "Goraintziak eman dizkit zuretzat gure lagun Yang-ek; badakizu, erretiroa hartu zuen iaz...". 

Ez al zela horraino helduko diot, hala balitz ondorengo 36 orduetan munduko bi potentzia nagusien diplomazia-buruen arteko elkarrizketak OK Corral-eko "solasaren" antzekoak izango liratekeelako, seguruenera. Eta ez du ematen. Aurrera begira jarriko al ziren. Atzera begira aritu badira ez dugulako atarramendu onik. Ez beraiek ezta guk ere. 

Baina benetan deigarria da, alafede, Wendyrena. Haren inguruko isiltasuna, alde batetik. Erabatekoa, Beijingeko lehen mailako topaketa honetan. Logika hutsez, protagonista izan behar zuenean berak. 

Ofizialki, Estatu-idazkariordea izango da oraindik Wendy Sherman, sasoiko 74 urte, ekaina amaitzean erretiroa hartzen duen arte. Baina, gainera, bera da/zen Txinako gaien arduraduna, etxe horretan. Espezialista aintzatetsia Asia Ekialdeko gorabehera guztietan, azken hamarkadetako administrazio demokratetan. Blinkenek Beijingera egiten duen lehen bisitaldian (eta Anchorageko talkaz geroztik txinatarrekin egin duen lehen bilkuran) derrigor egon behar zukeela dirudien norbait. Besteak beste, bitarte horretan, Wang, Qin eta abarrekin bildu den Estatu Idazkaritako goi funtzionario bakarra delako. 

Baina ez da Beijingera joan Blinkenekin. Ezta agur esatera ere. Hangoak (Wang, Qin eta abar, berriro) lagunak ez baina oso ezagunak dituen arren. 

Gorabehera pertsonala baino askoz haragoko zerbait da Wendy Shermanen ausentzia Beijingen. AEBetako Estatu Idazkaritzan "China House" deitzen hasi diren "zelula" bereziaren sortzezko gatazkan galtzailea izan dela oso argi geratu da. Txinarekiko appeaser-egia izateagatik... bere garaian benetako appeaserak izan zirenen egungo oinordekoek diotenez. Ez diote labankadaren bat ere barkatu, agurrerako. 

Funtsean, oso argi dago Wendyren desagerpenaren zergatia: bakea eta horrelako umekerien alde egiteak ez dauka salmenta onik egungo munduko lehen potentzian. Eta W. Sherman bezalakoek ere ez dute lekurik Anthony Blinkenen politikan. Bidenek kontrakoa uste dezakeen arren.