argia.eus
INPRIMATU
Non daude kaparrak?
  • Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza barregarriak eta miserableak eginda. Orain, Beatriz Artolazabal andrearekin egin dugu topo aurrez aurre, zeina lan-pribatizazio eta prekarizazio politikak sustatzen dituen Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak osatutako gobernu-taldeko kide den.

Hainbat sinatzaile* 2025eko ekainaren 06a

Asko ez gaitu harritzen Beatriz Artolazabalen jarrerak; izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu zela, "hilean 600 eurok bizitza duina bermatzen dute" zioen; gogora dezagun sailburu zela 87.799,34 euro kobratzen zituela, hau da, hilean 7.316 euroko soldata. Gaur, Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotzi gisa, 5.842 euroko soldata du hilean. Sailburu baino lehen Osakidetzako Ekonomia eta Finantza zuzendaria izan zen. Argi dago kapar odol-zurrupatzaileak erakundeetan daudela, ez parkeetan, ezta eraztun berdean ere.

Parkeetan eta Gasteizko hiriko eraztun berdean batasuna eta duintasuna daude; hitzarmen propio baten eta lan baldintza duinen aldeko gure borroka ez da etengo, nahiz eta batzuk eta besteak gu higatzen saiatu; soldata baxuko azpikontratazio politika horiek haustea erabaki dugu.

Argi daukagu zerbitzu publikoen eta kontzesioen pribatizazioak aberastasuna behetik gora birbanatzeko baino ez duela balio, herritarren dirua kapitalistei oparituta arlo publikoaren kontura; kontratu publiko horiek prekarietatean eta lan-esplotazioan oinarritutako eskaintza ekonomikoekin lortzen dituzte.

Ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, Administrazio Publikoak kostu txikieneko kontratuak aurkezten dituzten enpresen alde egiten du, eta, horren ondorioz, okerragoak dira enpresa horien lan-baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzua bera ere, eta lan-prekarizazioa gero eta handiagoa da. Hau aldatu behar dugu eta odol-zurrupatzaile hauek saritzeari utzi.

Duela astebete Gasteizko kaleak zeharkatu zituen manifestazioan jasotako babesa, auzo-elkarte, enpresa-batzorde, gizarte-mugimendu eta sindikatuen 100 atxikimendurekin, aire freskoko ziztada izan zen guretzat, eta borrokan indar handiagoz jarraitzeko indarra eman digu. Asteazken honetan beste mobilizazio bat egin dugu Arabako egoitzetako lankideekin batera, klase elkartasuna indartuta. Egoera berean dauden azpikontrata guztiei mobilizatzeko deia egiten diegu, ezin baitugu onartu haien azpijokoek gu pobretzea.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko hiriari egoera honen aurrean erakutsi digun babes eta ulermenagatik. Egoera hau ez da inorentzat atsegina, kapar horientzat izan ezik, zeintzuek zurrupatu nahi dituzten gure hobeto bizitzeko desioa eta hilaren amaierara iritsi ahal izateko nahia. Akaro horiek ektoparasito hematofagoak dira, eta gaixotasun infekzioso askoren bektore dira; besteak beste, LAN-PREKARIETATEA.

Hainbat sinatzaile:

Leire Urquijo Formoso
Julio Montoya corcuera
Ivan Puertas Velado
Daniel Ruiz de Mendoza Ainaga 
Íñigo López de arroiabe markinez 
Aaron García bercedo 
Íñigo Hamid Pulgar
Endika Ruiz de Loizaga
Mikel Romero Lafuente 
Oskar Ferro 
José  Luis  Nieto  Codesal 
Gorka Pérez de Mendiola 
David García Ortiz de Guzmán 
Juan Miller 
Jose Antonio Ruiz De Azua De Paz