argia.eus
INPRIMATU
Non aldatu da lehenengo indarra?
  • Azpiko mapa honetan ikus daiteke zein herritan aldatu den alderdirik bozkatuena. Koloreak erakusten du zein den lehen indar berria.

    [[hauteskundeak mapa-aldaketak zabala 2023 M28 udalak]]

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 29a

EH Bilduk lortu du boto gehien aurreko hauteskundeetan EAJ nagusitu zen udal askotan. Bizkaian, honako herrietan gertatu da aldaketa hori: Sopuertan, Sopelan, Plentzian, Gorlizen, Lemoizen, Gernikan, Fruizen, Galdakaon, Zaratamon, Zeberion, Zeanurin, Durangon, Markina-Xemeinen, Lekeition, Mendexan eta Atxondon. Alderantziz gertatu da honako herrietan: Balmasedan, Urduñan, Igorren, Errigoitin eta Lemoan. Hau da, 2019an EH Bilduk irabazi zuen herri horietan, eta aurten EAJk boto gehiago lortu du.

Gipuzkoan, berriz, EAJ zen lehen indarra Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arratsaten, Legazpin eta Tolosan, eta 2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduk jeltzaleek baino boto gehiago jaso ditu.

Araban, aldaketa bera gertatu da Gasteizen, Agurainen, Iruraitz-Gaunan, Samaniegon, Oionen eta Laudion. Argantzunen alderantziz gertatu da: boto gehien EH Bilduk jaso zituen aurreko hauteskundeetan, eta oraingoan EAJk irabazi du.

Nafarroan, EH Bilduk irabazi du Tafallan, Burlatan eta Berriobeitin; lehen bietan UPN izan zen lehen indarra 2019an, eta Berriobeitin Navarra Suma. 

PSE eta PSNren onerako aldaketak

PSEren mesedetan ere izan dira aldaketa batzuk. Bizkaian, Muskizen eta Trapagaranen botoen gehiengoa lortu du; aurreko hauteskundeetan EAJ nagusitu zen herri horietan. Nafarroan, berriz, PSNk lortu ditu boto gehien, besteak beste, Sartagudan, Caparroson eta Monteagudon. Sartagudan EH Bilduk irabazi zituen aurreko hauteskundeak, Caparroson CPF herriko taldeak eta Monteagudon UPNk.

UPN izan da lehen indarra PSNren udala zuten Mendabian, Valtierran eta Arguedasen; azken bietan gehiengo osoa lortu du. Lodosan ere aldaketa izan da, UPNk irabazi egin baitio aurreko hauteskundeetan boto gehien lortu zuen LOIU herriko taldeari.

Herrietako talde independenteak

Mapan gris ilunez ageri diren herriek erakusten dute udal horietan aldaketa egon dela eta herriko talde independenteren batek irabazi duela. Kasu gehienetan, 2019ko hauteskundeetan ere herriko taldeek jaso zuten boto gehien, eta izen ezberdinarekin aurkeztu dira aurten. Nabarmentzekoa da Hondarribian EAJri gailendu zaiola Abotsanitz taldea. Horrez gain, herriko talde horiek irabazi dute Ormaiztegin (Gipuzkoa), Faltzesen (Nafarroa) eta Erriberabeitian (Araba) ere. Ormaiztegin aurreko hauteskundeetan EH Bildu izan zen lehen indarra, Faltzesen PSN eta Erriberabeitian EAJ.