Film dokumentalaren eta diskoaren ondoren, Oreka Tx-ek munduan barrena egindako musika ibilaldiaz zuzenean gozatzeko aukera izango da Nomadak Tx: Zuzenean ikuskizunarekin. Egitasmoaren helburuetako bat da “etxean ezagutaraztea” txalapartak eman dezakeena munduko beste musika tresna eta ohiturekin loturik. Horretarako, ikuskizuna Euskal Herriko antzoki nagusietan eskainiko dute –lehen emanaldia Donostiako Victoria Eugenian izango da hilaren 27an–; gainera, zuzeneko proiektuak musikari gehiago bildu ditu Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartarien ondora. Bide batez, Mikel Laboari gorazarre egiteko ere baliatuko dute obra berezia. Ikuskizuna Alemanian, AEBetan, Frantzian, Katalunian eta Espainian aurkeztuko dute ondoren.