argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Nola ezin den Kabulgoa ulertu Bagramekoa zuzen gogoratu gabe
  • Zortzi aste falta dira azaroaren 5erako, Etxe Zuria hartzeko lehia hurbiltzen ari da azken txanpara, eta haren lorratzari iskin egiten dionak ere, edozein kantoitan egiten du topo kresalarekin. Azaroko hitzordu horrek argitzen baitu, adibidez, hiru urte hauetan isilpean egon den “Kabulgo ebakuazioak” bat-batean duen garraldia.

Mikel Aramendi 2024ko irailaren 10

Ordezkarien Ganberako gehiengo errepublikanoak, M. McCaul Texasko ordezkariaren zuzendaritzapean, argitaratu du 2021ko abuztuko lotsaizunaren kontakizuna, sakona ez bada luzea; eta, nola ez, “Biden-Harris administrazioaren” hutsegiteak gogotik nabarmentzen ditu, orain arte inor gutxik kausituko zuen protagonismoa esleituz Kamalari. Kontrara, gutxiengo demokratak ere plazaratu du bere oldozpena, Trump administrazioak talibanekiko negoziazioetan utzitako ondorearen juzgu egiten duena geroztik gertatu zena.

Hiru urte eta gero, haatik, badirudi batzuei zein besteei ezinezkoa egiten zaiela pasadizo erabakigarri hura txukun samar hausnartzea. Kabulgo jazoeraren gako-hitza “Bagram” baita. Une hartan Afganistanen ez ezik Asia osoan AEBek zuten baserik handiena. Eta Kabuletik ihesi irten baino 45 egun lehenago, “utzi” zuten moduan utzi zutena. Eta Afganistango armadaren desegituraketa sutu zuena.

Errepublikanoen txostenak kapitulu osoa eskaintzen dio gaiari (“Closing Bagram Air Base”, 73-78 orr.)... baina estatubatuarren erretiroaren ikuskera hutsetik. Demokraten ihardespenek, hori ere ez; nahiago dute Bagram erabat ahaztu. Bertan geratu behar zuten afganiarren ikuspegiak, antza, ez zuen garrantzirik.

Baina idatzita dago, beste nonbait, ezkutuagoan bada ere:

“Nabari da 2021eko uztailean AEBek Bagram Aire Basea utzi izanak Afganistango funtzionario militarren artean frustrazioa sorrarazi zuela; Associated Press agentziari esan zioten estatubatuarrak gauez atera zirela basetik, argindarra itzaliz, baseko komandante afganiar berriari ezer esan gabe. Komandantea bi ordu geroago konturatu zela, arpilatzaileek basea arpilatzen ari zirenean. John Kirby Pentagonoko bozeramaileak geroago kazetariei esan zienez, “goi mailako” funtzionario afganiarrek AEBen irteeraren berri bazuten, baina funtzionario militar afganiarren txostena eztabaidatzeari uko egiten zioten. Hala ere, ordu txikietan irtetearen pertzepzioak ondorio etsigarria izan zuen Afganistango soldaduengan. Afganistango soldadu batek Associated Pressi esan zionez, 'gau bakarrean, [AEBek] 20 urteko borondate on guztia galdu zuen, ospa eginda, gauez, eremua patruilatzen kanpoan zebiltzan soldadu afganiarrei ere esan gabe'. Afganiar Nazio Defentsa eta Segurtasun Indarretako goi funtzionario batek SIGARi [txostengileari] esan zion Bagrameko irteera seinale argia zela indar guztientzat, bakarrik zeudela eta ez zutela izango nazioarteko komunitatearen laguntza logistiko, mediko edo soldatakorik”.

Eta, hartara, aliatuetako bakoitzak, besteari ezer esan gabe, “bere erretiroa” egin zuela esan liteke.