Debateek izan dute orain arte oihartzun handiena Espainiako Hauteskunde Orokorretako kanpainan. Gazte batek Mariano Rajoy Espainiako presidenteari jotako ukabilkadak, ordea, ezkutuan utzi ditzake.
Kanpainako gertakari nagusia bilakatzeko bidean da asteazkenean Pontevedran (Galizia) gertatutakoa. Ikusteko dago zenbait hedabidek gaiari zenbat zuku ateratzen dioten, hauteskundeetarako hiru egun falta direla kontutan izanda. Hedabide eta sare sozialetako albiste nagusia izan da erasoa. Hedabide gehienek, albiste, bideo eta argazkiez gain, erasotzailearen profila argitaratu dute erasoa gertatu eta ordu bete eskasera.
Eskuineko egunkari espainiarrek esaterako, erasotzailea “ezker erradikalarekin” erlazionatu dute. Gaurko azaletan, El Mundok “muturreko ezkerreko” militante bezala definitzen du erasotzailea, ABCek galiziar independentista bezala eta La Razonek Mareasen –Podemosekin lotutako hautagaitza Galizian- jarraitzaile.
Sare sozialetan erabiltzaile ugarik salatu dute ABCek eta El Paisek azaleko argazkia manipulatu izana jasotako kolpea nabarmentzeko.
Diario Fatxok zabaldutako El Paisen azala:
Azalean horrelakorik aipatzen ez duen arren, El Pais egunkariak bere webgunean erasotzailea Mareasekin erlazionatu zuen, nahiz eta egiaztatutako informaziorik ez izan. Diagonalek jaso ditu asteazken gauean, hiru orduko tartean, egunkariak eginiko bost zuzenketak informazio horren inguruan. Erasoa gertatu eta ordu batera El Paisek “iturri polizialak” aipatzen ditu, gero “iturri polizial ez identifikatuak” eta azkenik “anonimotasuna eskatu duten iturri polizialak”.
Goizean, oraindik, gauez emandako informazioa mantendu dute interneteko albistean: “Hasiera batean, daturik eman gabe eta erlazioa zehaztu gabe, anonimotasuna eskatu duten iturri polizialek baieztatu zuten erasotzailea Mareasekin erlazionatuta zegoela. Podemosek eta Mareasek harremana gezurtatu dute”.
El Correo bestalde, erasoa ikurrinarekin erlazionatzen saiatu da, Diario Fatxok salatu duenez:
WTF WTF WTF! Erasoa ikurrinarekin nahastea zertara dator?! MANIPULATZAILE HAUEI DIRUA EMATEN JARRAITUKO DUGU? pic.twitter.com/iEmNm1tvKf
— Diario Fatxo (@DiarioFatxo) diciembre 16, 2015