Gazako genozidioak presioa areagotu du entitate sionistaren kontra arlo askotan, eta sionisten konplizeetara ere heldu da. Shapir enpresa israeldarraren eskutik CAF Jerusalemgo tranbiaren proiektuan sartzea salatu du hasieratik BDZ mugimenduak. Sei urte pasatu dira jada. Gazako garbiketa-operazio telebisatuak bi urte beteta, CAF egunero aipatua da kalean, hedabideetan eta sare sozialetan. Erakunde batzuen eta NBEren txostenetan agertzeak eta gero eta eragile gehiagok CAF apartheidaren laguntzaile izateaz akusatzeak presioa nabarmen handitu dute. Euskal Herrian ez da erosoa CAF bidaia-kidea izatea. Ibaetako campusean sortzekoa zen EHU-CAF gela atzera botatzea*, CAF-Elhuyar sarien 2025eko edizioa etetea, CAFek finantzatutako Igartza literatur sariari Saioa Alkaizaren ukoa… Gaur egun, Israel Premier Tech taldearen euskal bertsioa da CAF. Hobeto ez bagara elkarrekin agertzen, nire irudia kutsatuko baituzu…
Nahikoa ez bada ere, lotsaren tranbiaren proiektuaren kontra presioa enpresa barrutik areagotzea ikusi dugu. Noizko kaleetan dagoen mobilizazioa enpresa barrura eramatea?
CAFen aurkako presioaren ondorioz heldu zen irailaren 25ean enpresaren komunikatua, non, jasotako kritikak bertan behera utzi nahian, “bitxi” batzuk eskaini zituzten. Bere jarduerak giza eskubideen urraketekin eta diskriminazioarekin lotura ez duela azaltzeko, proiektuaren arabiarrentzako onurak aipatzen zituzten: arabiar askok tranbia erabili eta zerbitzua oso ondo baloratzen dutela, edota tranbia-bide berrien obretan aritzen diren langileen laurdena arabiarrak direla... Erakutsitako zinismoaz gain, saihestu dute gai gako bat, hain zuzen, giza eskubideak herri oso baten eskubideak ere badirela: lurrerako, subiranotasunerako, bere antolaketa propiorako, defentsarako, kulturarako, osasunerako, bere identitatea mantentzeko… Ez gara sartuko CAFen oharraren adierazpenak ezeztatzen, liburu baterako emango bailukete. Baina bai geratuko gara egiaztapen argi batekin: CAFek ez du inolako asmorik proiektuari uko egiteko. Etekina handiegia da, eta Eusko Jaurlaritzaren babes argia sentitzen du. Izan ere, beraiekin lerrokatzen dira, burgesiaren interesen defentsan. Hiru probintzietako lehendakariak demagogia ez egiteko eskatzen du, baina CAFen azken komunikatua eta Industria sailburuaren adierazpenak (“CAFek trenak ekoizten ditu, ez bonbak”) demagogiaren gaindia dira. CAF kolonizazioa ekoizten ari da, trenez mozorrotuta. Eta badakite, erabat. Ebidentziaren aurrean, beldur populistaren mezua baino ez zaie geratzen, Gipuzkoako Diputatu nagusiak ondo irudikatu zuenez: kontratua eteteak enpresa ixtea edo kanpora joatea ekar lezake. Gure bizi-mailan jasoko genukeen ondorioa da geratzen den argudioa, edozer egintza defendatzeko balio dezakeena, armagintza tartean (orain arte egin duten moduan eta etorkizun hurbilean are gehiago egingo duten moduan…).
Beraientzat, era zuzen edo ez-zuzenean heriotza eta zapalkuntza justifikatzen dutenentzat, salaketa geratzen zaigu. Baina herri palestinarraren garbiketaren ekuazio horretan badaude beste elementu batzuk, sarraski eta apartheid engranajearen ezinbesteko partea direnak: langileak, hain zuzen ere, sionistentzako armak ekoitziz, garraiatuz, portuetan kargatuz, edo kolonizazioa finkatuz. Langile batzuk CAFen akziodunak izateaz gain (enpresaren erabakietan eragiteko oso pisu gutxirekin), enpresa horren funtzionamendu normalaren piezak izan dira proiektu hori hasi zenetik, paper nabarmena izan bazuten ere zuzendaritzari proiektuan ez sartzeko eskatzeko. 2019ko otsailaren eskutitz batean, Palestinako Askapenerako Erakundearen Idazkari nagusiak CAFeko langileei eskerrak ematen zizkien okupatutako Jerusalemen tranbia garatzeko lanetan parte ez hartzeagatik. Hala ere, gaur, proiektu hori posible egiten jarraitzen dute, aurreko bortizkeria mailak gainditu dituzten azken bi urte hauen ostean ere. Ezin ekidin interpelazio zuzena. Besteak beste, bertoko burgesiarekiko interes komunak apurtuz, palestinarrekiko klase elkartasuna praktikan jartzeko.
CAFen kontrako presioaren gorakada dela eta heldu da erreakzio bat enpresaren langileengandik, lan-uzte baten bidez. Positiboa, nola ez, baina gutxi eta berandu. Askoren iritziz, presio sozialak behartuta. Gaiaren inguruan CAFen barrutik heltzen zen isiltasuna gorgarriegia zen, sektore politiko eta sindikal gehiegik gaiaren inguruan oraindik mantentzen duten isiltasuna bezala. Kalean gero eta gehiago sumatzen da amorrua gai honen inguruan, baina CAFi aipamena ez da oraindik agertzen Palestinaren aldeko mobilizazio eta aldarrikapen gehiegitan. Duela hilabete batzuk, sionistekin harreman guztiak moztearen eskaera kontrako eztarrira joaten zitzaien askori. Azken asteetan eta, bereziki, Vuelta espainiarrean gertatutakoaren ostean (sionismoaren normalizazioa apurtzea posiblea dela erakustea, demokrazia burgesak ezarritako hesiak lurrera botata) eragile asko igo behar izan dira olatuaren gainera, handituz doan olatuak harrapatuak izatearen beldur. Alderdi eskuindarren barruan ere nabaria da urduritasuna. Egun, eta diskurtsotik igaro ez arren, harremanak moztea eskatzea politikoki zuzena izatera pasatu da (urte askotan Palestinarekiko elkartasun-mugimenduak landutakoari esker, ez ahaztu!). Hala ere, CAF elementuari lotutako kontraesana gaindiezina omen zaie askori gure euskal ekosistema paradoxiko honetan. Demagogikoa akaso CAFi proiektutik ateratzea publikoki eskatzea? Houston, arazo bat daukagu.
Bai, atzean lanpostu asko eta familia asko daude; badakigu. CAF enpresa estrategikoa dela azaltzen digute, eztabaida parametro ekonomikoetara eraman nahian. Gai zaila, bai. Gai, bereziki, kontraesankorra. Baina kontraesana ez da gainditzen beste alde batera begiratuta, ezta Palestinako ehunka ikurren artean argazkia eginez ere. Palestinaren aldeko diskurtsoan ere, badago konfort-eremu bat, non, zuzentasun politikoaren barruan, jendetzaren argazkia bilatzen den eszenifikazio berritzaileekin eta mezu moderatu eta atseginekin, baina deserosoak baina ezinbestekoak diren elementu gako batzuk ekiditen. Elkartasuna baino lehen, har dezagun abiapuntutzat zapaltzaileekiko konplizitaterik eza. Badugu lana. Hemen bertan, Euskal Herrian. Herri palestinarraren alde egin dezakegun ekarpenik onena sionismoari laguntza ez ematea da. Eta euskal lurretatik proiektu supremazista horri oxigenoa ematen jarraitzen dute eragile eta enpresa batzuek, euro moduan akziodunen zein langileen poltsikoetara bueltan etortzen dena. Konplexutasunak ez dezala jarraitu aitzakia izaten.
Nahikoa ez bada ere, lotsaren tranbiaren proiektuaren kontra presioa enpresa barrutik areagotzea ikusi dugu. Noizko kaleetan dagoen mobilizazioa enpresa barrura eramatea? Noizko greba bat CAFen bertan apartheidaren trenetik jaisteko exijitzeko?
Palestinar herriak ezinbestekoa du CAF okupatutako lurraldeetatik erretiratzea. Euskal Herriak ere behar du. Izan dadila ahalik eta lasterren.
*EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan 2022an sortutako CAF gelak jardunean jarraitzen du.
Iñaki Etaio, internazionalista