Aurtengo uda garaian 46 gradutara iritsi da tenperatura Espainia eta Portugaleko leku batzuetan. Europako beste leku batzuetan ere 40tik gorako tenperaturak izan dituzte, baita Euskal Herrian ere. Iaz baino tenperatura altuagoak izan ditugu eta aspalditxo izan ditugun handienak. Uda beroa, beroegia izan dugu, baina ez naiz hemen zergatiak azaltzen hasiko, zergatik gertatzen den jakingo banu ere.
Heldu da udazkena, udazkeneko ekinokzioa, izerdirik gabeko egunak izango ditugulakoan, lasaitu ederra hartuko dugu. Eguzkiaren beheranzko erdibidea. Orekatua, lasaia eta goxoa. Zenbat aldiz gozatu izan dugun udazkena, paisaia koloretsuarekin batera haize epelaren igurtzia. Urtaro baketsua.
Aurtengo udaran egurats beroa izan dugu arlo guztietan: naturan (suteak), politikan eta geopolitikan. Oraindik ere beroak jarraitzen du nagusi lur honetan eta ez dakit gatazkak hoztuko direnik ere. 50 gerra edo gatazka omen daude une honetan munduaren borobilean; Bigarren Mundu Gerra gertatu zenetik gehien dagoen unea.
Eguzki errea baino erreagoak diren pertsona horiek izango al dute ekinokziorik? Azken aldian gehien entzuten ditugun sonatuenak botako ditut: Donald Trump, Benjamin Netanyahu, Vladimir Putin. Egin genezake zerrenda amaigabea, baina hiru horiek nahikoak dira zeri buruz ari garen azaltzeko.
Gizateria sugarretan bizi da eta atsedenik ez du. Noizko gizateriaren ekinokzioa? Noiz konturatuko da gizakia, izateko beste batzuen izatea beharrezkoa duela? Denok dugula bestearen beharra
Zentzudunek, orekatuek, ekinokzioa bizi duten pertsonek, aipatutako buruzagiei beldurra dietela aitortzen dute. Neu ere beldurtzen naute, noski. Baina, pentsatzen jarrita… agintari horiek baino gehiago kezkatzen nau horien atzetik dagoen gizateriak, horiek agintean jarri dituzten gizon-emakumeek arduratzen naute. Ez dira bat edo bi, gizartearen multzo handi bat da. Alegia, zuzenean botoaren bidez aukeratu dituztenak eta daramaten politika eta geopolitikaren aurrean isilik gaudenok. Bai, geu ere bai.
Gizateria, gure lurra eta atmosfera bezalaxe, hondatzen ari da, usteltzen, esango nuke. Gure lur honek 8.239 milioi bizilagun omen ditu Nazio Batuen Erakundearen arabera. Beste iturri batzuek diotenez, erroldatu gabekoak kontuan hartzen baditugu, 11.000 milioitara ere iristen omen gara. Hori da hori sagar ale mordoa! —sagardo garaian gaudelarik, ondo datorkit irudia—. Denak ustelak? Ez, noski. Baina ustelak asko dira edo gara eta ingurukoak usteldu egiten ditugu. Afrikatik edo beste lurralde pobre batzuetatik datozenak gure antzera bizi nahi dute, Europako Mendebaldean bizi garenon antzera, baina ispilatze, ilusio bat besterik ez da. Gurean ere politika, demokrazia faltsutua dago, ekonomia aberatsenek bideratua eta gizartea guztiz materialista bihurtua: erosketa eta kontsumoa da nagusi. Gurpil zoro batean sartuta gaude: ekoiztu eta kontsumitu; kontsumitu ekoizten jarraitzeko. Gurpil honek lurra bera ere kontsumitu egiten du eta zeruak zikindu. Kapitalismoaren ondorioak dira, dudarik gabe. Hau da daukagun eredua kanpotik datozenei eskaintzeko. Zoriontasun faltsuaren eredua.
Gizateria sugarretan bizi da eta atsedenik ez du. Noizko gizateriaren ekinokzioa? Noiz konturatuko da gizakia bizi izateko arnasa hartzea, aire garbia hartzea dela garrantzitsuena? Noiz konturatuko da gizakia, izateko beste batzuen izatea beharrezkoa duela? Denok dugula bestearen beharra. Ez naiz ari besteek zer egin behar duten esaten, guk denok zer egin beharko genukeen aitortzen baizik; gure inguruko sagarrak ez ditzagun gehiago usteldu. Udazkeneko ekinokzioak duen oreka eta goxotasuna behar ditugu munduan bizi izaten jarraitu nahi badugu. Hartu arnasa!
Iñaki Lasa Nuin