Bob Marleyren irudiarekin kamisetak egiten zituzten hainbat markaren aurkako salaketa jarri zuten bere oinordekoek. Orain, arrazoia eman dio epaile batek kantari jamaikarraren familiari.
Baimenik gabe, A.V.E.L.A. eta beste hainbat arropa markek Marleyren irudia erabiltzen zutela ikusita jo zuen auzitara familiak 2008an. Fifty-Six Hope Road Music izeneko enpresa baten jabe dira Marleyren oinordekoak eta enpresa horren bitartez kudeatzen dituzte reggae izarraren inguruko lizentzia kontuak The Hollywood Reporter-en azaldu dutenez.
2011ean emandako epaian, izandako irabazien truke familiaren enpresari 750.000 dolar baino gehiago ordaintzera zigortu zituen A.V.E.L.A. eta gainontzekoak. Marleyren produktu ofizialentzat sortutako kalte-galerengatik beste 300.000 dolar ordaindu beharko zituzten eta abokatuen 1,52 milioi dolarreko kostua beraien gain hartzera kondenatu zituen. Guztira, bi milioi dolar baino gehiago. Epaiari errekurtsoa aurkeztu zioten, ordea, enpresek.
Helegite hori atzera bota du epaileak orain eta zigortu egin ditu ehungintza enpresak Marleyren irudia baimenik gabe erabiltzeagatik.
Hil honetan beteko zituen 70 urte Bob Marleyk. Musikari jamaikarra 1981ean hil bazen ere, bere irudia istilu iturri da oraindik.