argia.eus
INPRIMATU
Nikolas Lekuonaren funtsa harrapatzeko saioa, jaiotzaren mendeurrenean
  • Luzeago bizi izan balitz, bere lan-lerroak garatzeko urteak izan balitu, itzal handiko artista izango omen genukeen. Lau urte besterik ez zituen izan sormenari ganoraz eskaintzeko, baina lorratza utzi zuen landutako diziplinetan, hala nola, margoan, marrazkian, argazkigintzan eta fotomuntaketan. Haren ekarpenaren aitortza aski berandu heldu bazen ere, Nikolas Lekuona Nazabal (Ordizia, Gipuzkoa 1913- Fruiz, Bizkaia, 1937) erreferentziazko autorea izan zen abangoardiako arteari dagokionez.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko abenduaren 31
Nikolas Lekuona. Autorretratua. Nikolas Lekuona. Autorretratua.

XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan Europan loratutako arte korronteek liluratu zuten Lekuona gaztea, eta artean Madrilen bizi zela –aparejadore izateko ikasten ari zen– murgildu zen ur horietan bete-betean. Europan nagusitzen ari ziren zenbait ideia, Futurismoa, Errusiarren Konstruktibismoa edo Frantziako eta Alemaniako Surrealismoa barneratu zituen eta bere moldera egokitu.

Arte esparru ugaritan jardun bazuen ere, aipamen berezia egin ohi diote adituek fotomuntaketan egindako lanari. Garai hartako medio kutuna zen collagea, baina Europako korronteari jarraitu ziotenek ez bezala, Lekuonak kritika sozial eta politikoz jantzi zituen bere obrak. 1932 eta 1935 urteen artean sortu zituen gehienak, eta bi gai landu zituen bereziki: langile eta nekazarien mundua eta gerrarekin zerikusia zutenak. Kapitalismoaren eta gerraren sinbologiari muzin egin zien, eta emakumeari eta kirolari lotutako irudiak sortu zituen. Artistentzat ez ezik, afixak nahiz aldizkari eta liburuetako azalak egiten dituztenentzat ere kontuan hartu beharreko erreferentzia izan da bere teknika, urte askoan.

Argazkilaritzan emandako pausoak ere miretsiak izan dira, bereziki abenduan, bere jaiotzaren mendeurreneko ospakizunetan. Ordiziako Ortzadar Argazki Elkarteak, esaterako, Abangoardista baten egungo irakurketa 1913-2013 erakusketaren bidez omendu du herkidea. Elkarteko hamaika argazkilarik –Amaia Oararteta, Iñaki Sanchez, Francisco Albarran, Iñaki Hidalgo, Jose Migel Romero, Javier Quiros, Miguel Cavero, Julen Sainz, Omar Ben Miloud, Angel Fernandez eta Aitzol Arruabarrena– autorearen argazkiak eta muntaketak berrinterpretatzeko saioa egin dute. “Hil zenetik ia 80 urte joan diren arren, eta eskuartean tresna ikaragarri potenteak baditugu ere, benetako lanak izan ditugu zenbait obra berrosatzeko, eta baten bat kanpo utzi behar izan dugu”, azaldu zuen inaugurazioaren egunean aitzol Arruabarrenak. Erabili diren argazki-kamerak dijitalak izanagatik ere, Lekuonaren fokatze berberak egin dituzte, 35 eta 50 mm-ko optikak baliatuz. Argazkilariok garrantzi berezia eman diote, halaber, estetikari, konstruktibismoaren eraginari eta umore-drama binomioari. Helburua bat eta bera izan dutelako denek: Lekuonaren espiritua harrapatzea. Urtarrilaren 3 arte zabalik, Ordiziako Barrena Kultur Etxean.