argia.eus
INPRIMATU
Frantziako presidentzialak
Nicolas Sarkozy presidente ohiaren itzulera burrunbatsua
  • Abuztuaren 22an berretsi du Frantziako presidente izateko bere asmoa. Nicolas Sarkozyk Frantziako egunkari gehienen azalak hartu zituen atzo. Udazken beroa igurikatzen da Hexagonoko mintzaleku politikoetan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko abuztuaren 24a
udazkenean Les Républicains (LR) alderdiaren primariak izanen dira jokoan.

Nicolas Sarkozyren Tout pour la France liburua salgai dago gaurdanik. Liburua, bere hitzetan, berriz ere Frantziako presidente izateko abiaburua da. 2017ko Frantziako boz presidentzialetarako lasterketa hasi da.

Alabaina, lehenbizi, udazkenean Les Républicains (LR) alderdiaren primariak izanen dira jokoan. Sarkozy izan da alderdiaren presidentea atzo arte, hautagai izateko, ordea, kargua utzi behar izan du. Laurent Wauquiez presidente-ordeak hartu du bere tokia.

Sarkozyren itzulera ezagutu arte, Bordeleko auzapez Alain Juppé izan da LR alderdiko hautagaien artean hobekien paratuta zegoena. Iragan maiatzean –inkesten arabera betiere– alderdikideen bozen ehuneko 43 beretzat ziren. Uneon, ehuneko 38 dira. Bozen joerak behera egin du sei puntutan. Inkesten emaitzak datu interesatuak eta kontrajarriak izaten dira, hala ere, edota halakotzat jo daitezke.

Alain Juppé ez da Nicolas Sarkozyren arerio bakarra, baina beste hautagaiak –Bruno Le Maire, bozen %13rekin eta François Fillon, bozen %10ekin, urrun daude hautagai nagusi biengandik. Ez dira hautagai bakarrak, baina Alain Juppé buruan buru ageri da nabarmen. Sarkozyren aldeko boz kopurua ehuneko 20-25en artean bide dago.

Frantziako presidentziarako aurreneko lasterketa baino ez da hasi. Ondoko lasterbidean PSko hautagaiak beren motorrak prestatzen hasiak dira: François Hollande egungo presidentea, Manuel Vals lehen ministroa, Emmanuel Macron ekonomia ministroa. Zentro eta ezker aldeko gainerako hautagaiak bestalde.

Edonola ere, eskuin muturreko Marine Le Pen hautagaiaren burrunba ozena entzuten da estatu osoan. Le Pen LRko alderdiaren etsai handiena izan daiteke, alta bada, Nicolas Sarkozyren etsaia izan ordez, “arerio edo aliatu egokiena” bihur liteke.