argia.eus
INPRIMATU
Chavezek Nicolas Maduro izendatu du bere ordezko
Josu Urtubia @otxua 2012ko abenduaren 10a

2011ean kantzerra topatu zioten toki berean “zelula kaltegarri batzuk” atzeman dizkiote eta ahalik eta azkarren operatzera joan behar izan du Kubara. Bidaiatu aurretik Nicolas Maduro izendatu du ordezko gisa. Halaber, bere osasun egoerak txarrera egiten badu,  venezuelarrei eskatu die balizko hauteskunde batzuetan boza Madurori emateko. Izan ere, Chavez urtarrilaren 10erako kargura itzultzen ez bada, Konstituzioak dio hauteskundeak egin beharko direla.

Nicolas Maduro Chavezen konfiantzazko gizona da.  Zeresan handia izan du Txina, Errusia, Bielorrusia eta Iranekin aldebiko akordioak sinatzean.

Venezuelako Konstituzioa onartu zenean, biltzar konstituzionalean zegoen Maduro, eta 2000 eta 2005 bitartean diputatu izan zen. Biltzar Nazionaleko presidente izendatu zuten 2005ean. 2006an ordea, Hugo Chavezek atzerri-ministro izendatu zuen, eta  joan den urriaren 7an hasitako legealdian berriz presidenteorde eta Kanpo Arazoetarako ministro izendatu zuen.