argia.eus
INPRIMATU
Nola bihurtu zen futbol amerikarra, Esker Ematearen eguneko tradizio
  • Azaro amaiera aski mugitua izan ohi da AEBetan. Oso beraienak diren bi ohitura dituzte. Bata, Black Friday edo Ostiral Beltza, jada inportatu duguna, erosketak egiteko egun seinalatua da. Eta, bezperan, Esker Ematearen eguna ospatzen dute, Thanksgiving delakoa. Denok ikusi ditugu pelikula eta serieak, non protagonistek, mahaiaren bueltan eserita, indioilar ikaragarriak jaten dituzten. Zer da, baina, egun hori? Eta zer lotura dauka futbol amerikarrarekin? NFL Euskaraz taldeko kideek informazio eta bitxikeria ugari jaso dute artikulu honetan, euskaldun askorentzat ezezaguna den kirolaren bueltan.

NFL euskaraz 2025eko azaroaren 27a
1980ko hamarkadan, John Madden esatari mitikoak tradizio berezia sortu zuen: irabazleari “Turducken” bat (indioilar, ahate eta oilaskoz egindako platera) oparitzea. Egun hartan hasi zen jolas dibertigarri hori, baina urteekin ikur nazional bihurtu zen. Argazkian, Lions-eko jokalariak, 2024an. DETROIT LIONS

NFL EUSKARAZ
NFL Euskaraz taldea 2022an sortu zen, "futbol amerikarrak sortzen duen zaletasuna euskaraz bizi, sentitu eta komunikatzeko espazio zabal bezala", Egoitz Etxeandiak azaldu digun moduan. Taldeak gaur egun dauzkan 58 kideetako bat da bera. Euskal Herrian bizi edo munduan zehar dabiltzan euskaldunek osatzen dute, eta antolatzen dituzte bazkariak, partidak ikusteko topaketak edota NFL partida ofizialetara irteerak. Erakunde ofizial bihurtzeko prozesuan daude, taldeari izaera formalagoa eman eta ekintza desberdinak antolatzeko aukera zabaldu nahi dutelako. Futbol amerikarra gustuko duen edo kirol horri buruz gehiago jakin nahi duen oro sar daiteke Telegrameko NFLEuskaraz taldean. Hau da ARGIAn plazaratu duten lehenbiziko artikulua.
 

Jatorria

Egin dezagun denbora atzera, Esker Ematearen egunaren jatorria ezagutzeko. 1620 urtea oso gogorra izan zen AEBetara iritsi ziren kolonoentzat, bereziki gaur egungo Massachusetts inguruan ezarri zen komunitate calvinistarentzat. Uzta oso txarrak izan ziren, eta izurriteak zabaldu; ondorioz, kolonoen erdiak bakarrik biziraun zuen. Egoera hain prekarioan zeuden, Wampanoag indigenen tribu batek laguntza bidali ziela. 1621. urteko uzta, aldiz, oparoa izan zen, eta euren jainkoari eskerrak emateko jaialdi bat sortu zuten, Esker Ematearen eguna edo Thanksgiving. Mitoak kontatzen du indigenak ere gonbidatu zituztela ospakizunera.

Esker Ematearen egunaren sorrerari buruz oraindik ere bada eztabaidarik, mitoa eta errealitatea nahasten baititu, baina ez da dudarik Independentzia Egunarekin batera euren ospakizun maiteena dela. AEBetako erlijio bakoitzak bere jai eta egun bereziak ditu, eta horrek zaildu egiten du gizarte guztiak batera ospatzeko egunak topatzea. Thanksgiving egunak jatorri erlijiosoa zuen hasieran, baina gaur egun sekularra kontsideratzen da eta AEBetako gizarte ia guztia bateratzea lortzen du.

1900 inguruko kartela / Wikipedia

1863an Abraham Lincoln presidenteak jai egun izendatu zuen. Oraindik sei urte beharko ziren Princeton eta Rudgerseko unibertsitateen artean historiako lehen futbol amerikarreko partida jokatzeko (1869ko azaroan). Egun hartan jaio zen estatubatuarren kirol gogokoena. Egun gutxitara, 1869ko azaro amaieran, Philadelphian, lehen aldiz Esker Emateko egunean futbol amerikarreko partida bat jokatu zen. Euren kirola, euren egunean. Ordutik hona bi ospakizunak gauza beraren parte bezala ulertu behar dira.

Zein da plana? 

Egun horretan familia giroan biltzen dira estatubatuarrak, senideak urrun dituena lagun edo ezagunekin. Normalean euren afalorduan bildu eta plater nagusi bezala indioilarra labean izan ohi dute. Hau dena telebistan NFLko hiru partida bata bestearen atzetik dituztela. Horrez gain, azaroko laugarren ostegunean komunitatearen aldeko ekintzak, karitate obrak eta bestelakoak antolatzen dituzte, gizarte turbokapitalista horretan izango den atsedenaldi bakarrenetakoa bilakatuta.

Zer ikusiko dugu?

NFL (Futbol Liga Nazionala) futbol amerikarreko liga profesional nagusia da. AEBetako liga profesional garrantzitsuena da, bigarrenarekiko diferentzia ikaragarriarekin. Telebistan emititutako 100 saio ikusienetik 90 baina gehiago NFL partidak dira. Kirol bortitza da, kolpeak eta lesioak oso ohikoak dira. Tamaina guztietako atletak ditugu zelai gainean, 150 kilo pisatzen dituen gizasemetik abiatu eta 1,65 metroko tximistara arte. Era berean, izugarri kirol konplexua da, oso estrategikoa eta parekatua. Jokalarien prestakuntza fisikoak jokaldi oso ikusgarriak sortzen ditu. Oraingo formatua duenetik (duela 60 urtetik-edo), etengabe ari da hazten NFL liga, bai ikusle kopuruari baita negozioari dagokionez ere. Sorreratik izan du Thanksgiving egunarekin harremana, baina azken hamarkadetan harreman hori sendotu eta tradizio bilakatu da.

Tamaina guztietako atletak daude, 150 kilo pisatzen dituen gizasemetik abiatu eta 1,65 metroko tximistara arte. Era berean, izugarri kirol konplexua da, oso estrategikoa eta parekatua 

Nor ikusiko dugu?

Egun hauetan jokatzeko pribilegioa ez dago edonoren eskura. Thanksgiving eguneko partida jokatzea ohore kontua da NFLko taldeentzat. Ez da soilik partida bat gehiago denboraldian; ikusgarritasun eta prestigio handiko hitzordua bihurtu da. Hiru partida dira bata bestearen atzetik, ekialdeko kostaldeko ordutegia erreferentziatzat hartuta, eguerdiko ordubatetatik ia gauerdira arte etengabe izango dute etxetako telebistetan NFL jarrita. Aurten ere, jada tradizio bihurtu da, Detroit Lions eta Dallas Cowboys taldeek etxean jokatuko dituzte hiru partidetako bi.

Zeintzuk dira Detroit Lions?

1934an hasi ziren Detroit hirian Esker Ematearen egunean futbol amerikarreko partidak jokatzen, eta orduz geroztik ia urtero jokatu dute egun seinalatu horretan. Detroit (Michigan), motorraren hiria bezala ezagutzen dena, “rust belt” edo herdoilaren gerrikoa deritzon AEBetako industria eremu garrantzitsuaren parte da. Besteak beste, Ford konpainia erraldoiaren etxea da. Hain justu, Henry Ford enpresaren sortzailearen oinordekoek dute gaur gaurkoz Detroit Lions taldearen jabetza. Sheila Firestone Ford da frankiziaren jabe. Bai, Firestone gurpil fabrikanteen oinordekoa ere bada. 

DETROIT LIONS

Detroit Lions taldea ligako historikoetako bat da. 1930 inguruan sortua, 50. hamarkadan izan zituen bere urterik onenak, hiru txapelketa lortuta. Azkeneko hamarkadak ez dira oso onak izan taldearentzat. Gainera, jasan zuen krisi ikaragarriak, giro oso tristea ekarri zuen hirira. Dan agertu zen arte. 2021ean hartu zuen Dan Campbellek taldearen gidaritza. 30 urte zeramatzaten play-offetan partida bat irabazi gabe, gehientsuenetan sailkatu ere ez ziren egin. Lehenengo urtean hiru partida bakarrik irabazi zituzten, askok ez zuten serio hartzen, baina erabaki polemiko batzuk hartu, eta bat-batean taldeari buelta ematen hasi zitzaion. Eta, azkeneko hiru urteetan, NFLko talde onenen artean jarri du. 2023an, 32 urte eta gero play-offetako partida bat irabaztea lortu zuten. Joko erasokor eta ausarta zigilu dutela, ikusteko talde polita bihurtu da.

Zeintzuk dira Dallas Cowboys?

Dallas Cowboys, izar bakartiaren taldea edo Amerikaren taldea ezizenez ezaguna. Texas estatuko taldea. Jerry Jones petrolioarekin aberats egin zen magnatea jabe dute. Dirudienez jarraitzaile gehien dituen taldea da. 1990eko hamarkada loriatsua izan zuten, hiru superbowl lortuta, eta NFLren hazkundearen hasieran jarraitzaile pila bat bereganatu zituzten. Troy Aikman, Emitt Smith eta Michael Irvinek osatzen zuten hirukoak liga menderatu zuten hamarkada horren hasieran. Orduz geroztik, ordea, nahi eta ezinean dabiltza. Egia da azken urteotan sarritan iritsi direla play-offetara, baina kanporaketetan ez dute maila ematen. Tartean epaileen erabaki polemikoak izan dira, baina dezepzioaren etiketa gainetik ezin kendu dabiltza. Gainera, Jerry Jonesek hartzen dituen erabaki xelebreek gehiago arrarotzen dute taldearen inguruko giroa. Irabazi edo galdu, beti dira ikustekoak, bere jabearen erreakzioengatik baldin bada ere. 

Dallas Cowboys-eko jokalaria, baloia airean harrapatzen / DALLAS COWBOYS

Gertaera bereziak

Ehun urte inguruko tradizio honetan, hainbat istorio bitxi eta ahaztezin pilatu dira. Hona hemen horietako batzuk:

1993ko Thanksgiving eguneko partidan, Dallas Cowboys eta Miami Dolphins izan ziren aurrez aurre, izotz eta elurrak estalitako zelaian, Texasko hotz handien erdian. Jokalariek izotz gainean irrist egiten zuten, eta baloia bera ere izoztuta zegoen. Partidaren azken minutuetan, Miami jaurtiketa bat egiten saiatu zen garaipena lortzeko, baina Cowboysen jokalari batek blokeatu eta baloia lurrean geratu zen. Baina, Dallasekoak garaipena ospatzen hasi zirenean, taldeko defentsa batek baloia ukitu zuen eta, arau bitxi baten ondorioz, Miamik hartu zuen berriro baloia, azken segundoan garaipenaren jaurtiketa sartzeko. Historiaz beteriko “fumble” hura NFLko unerik ikonikoenetako bat da, eta oraindik ere “Snow Game” edo “Leon Lett’s Thanksgiving Blunder” izenaz gogoratzen da.

Ikusi azken jokaldien bideoa.

- Hemen, laburrago jasoa.

 

1997an, Detroiteko zaleek euren etxeko seme maitearen erakustaldia ikusi zuten. Barry Sanders, NFLko historiako running back lirain eta ikusgarrienetakoa, 167 yarda eta bi touchdown lortu zituen Chicagoren aurka, eta bere mugimendu elastiko eta ezinezkoekin zaleak txundituta utzi zituen. Momentu hartan, Ford Fielden zaleek zutik txalotu zuten, eta askorentzat, Thanksgiving eta Barry ia sinonimo bihurtu ziren. Detroiten futbolaren espiritua bera ordezkatzen zuen, isiltasuna eta indarra uztartuta.

- Barry Sandersen 10 touchdown onenak (bideoa).

 

2003ko Thanksgiving partidan, Brett Favrek, Green Bayko quarterback mitikoak bere aitaren heriotzaren ondorengo lehen partida jokatu zuen. Nahiz eta doluan egon, Favrek 399 yarda eta lau touchdown lortu zituen Oaklanden aurka, eta ikusleek, etsaiaren estadioan ere, zutik egin zioten txalo. Egun hartan, futbol amerikarraren muina azaleratu zen: pasioz, sendotasunez eta bihotzarekin jokatzearen adierazpen gisa geratu zen historian.

"Favre's Dad Game" (bideoa)

 

1990eko hamarkadatik aurrera, Thanksgivingeko partidetan halftime show ikusgarriak gehitzen hasi ziren, futbolaren eta entretenimenduaren arteko mugak lausotuz. Musikari ospetsuek hartu zuten parte: Destiny’s Child-ek 2004an publikoa dantzan jarri zuen (azpiko bideoan), Jonas Brothers-ekoak gazteak erakartzen hasi ziren, eta urte batzuk geroago Shakirak eta The Weeknd-ek ikusgarritasun globala eman zioten jaialdiari. Horrela, futbolaren eta musika komertzialaren bateratze perfektua bihurtu zen, familia amerikarraren oihartzun kultural handienetako bat sortuz.