argia.eus
INPRIMATU
Neurriak eskatu dizkie instituzioei Harrera Sareak, migratzaileak ez behartzeko Bidasoa igerian zeharkatzera
  • Irun eta Hendaia arteko mugak itxita eta poliziaz josirik segitzen duela, Bidasoa igerian trabeskatzeko aukerari begira dira migratzaileak, bizitza galtzeko arriskua izanik ere. "Bide seguruak" bermatzeko neurriak eskatu dizkie etorkinen laguntzen dabilen sareak lekuko instituzioei.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 29a

Egoera ez doalako hobetuz, beste behin dei egin die Harrera Sareak lekuko instituzioei: "Egoera lazgarriak prebenitzeko" eta etorkinei bide seguruak bermatzeko gisan neurriak hartu ditzatela. Hain zuzen, Irun eta Hendaia artean diren Poliziaren kontrolak direla eta, Bidasoa zeharkatzeko aukera gelditzen zaie migratzaileei, bizia galtzeko arriskua hartuz. "Baldintzek horrela jarraitzen baldin badute, Bidasoa ibaia gurutzatzea bilaka daiteke migrazio bidea jarraitzeko bideetako bat, beste behin ere. Aurrekariak badaude eta arriskua begien aurrean dagoela iruditzen zaigu".

Irungo Gurutze Gorriak-en jarrera ere deitoratu du migratzaileak laguntzen dituen sareak: "Presioa sartzen die Hilanderaseko baliabideko erabiltzaileei hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela eta presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen die. Ondorioz, Hendaia eta Biriatura gurutzatzera behartzen dituzte, hala nola eta ahalik-eta azkarren, bizitza arriskuan jarriz".

Aurten, ibaia zeharkatu behar izanagatik eta migrazio politika eskasengatik Tessfit Temzide, Abdoulaye Koulibaly, Yaya Karamoko, Sohaibo Billa, Mohamed Kemal, Fayçal Kamadouche, identifikatu gabeko pertsona bat, Ibrahim Diallo eta Abdourramane Bah hil dira, itota.