argia.eus
INPRIMATU
Neurri murriztaileagoak ezarri dituzte EBko estatuek migrazioaren aurka
  • Esaterako, EBri eta estatu kideei babesa eskatu ahal izatea bermatuko die lege berriak, baina estatu horrek lagundu edo ez erabakitzeko aukera izango du.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 05

Europar Batasuna osatzen duten 27 herrialdeek akordio erabakigarria hartu dute asiloaren inguruko ituna desblokeatuta, Krisi Araudiari buruzko ebazpena Bruselan egindako bileran adostuta. Funtsean, migrazio-krisi bati erantzuteko neurri zorrotzagoak hartzeko erabakia hartu dute.

Araudi berriari esker, estatu kideetako gobernuek "neurri zorrotzagoak" hartzeko gaitasuna izango dute "krisi potentzial" batean. Horren barruan sar liteke, adibidez, asilo-eskaerak prozesatzen diren bitartean asilo-eskatzaileak epe luzeagoan mugan edukitzea, eta asiloa lortzen ez duten migratzaileak denbora gehiagoz atxilotuta egotea, hamabi astera arte, egungo hamalau egunen ordez.

Italiak eskatuta, puntu berri bat gehitu dute migrazio krisi baten aurrean nola jokatu zehazteaz gain: "migrazioaren instrumentalizazioa". Honetan datza: migratzaile kopuru handi bat bidaltzea herrialde batetara hura ezegonkortzeko asmoz.

Gobernuz Kanpoko Erankundeek salatu dute neurri horrek krisi are handiagoa ekarriko lukeela. Hala ere, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak "aldaketa esanguratsu" gisa deskribatu du akordioa, eta Ylva Johansson Europako Barne komisarioak "pragmatismoz, konpromisoz eta batasunez" lortu zela nabarmendu du.

Esparrua zabaltzeko aukera

Legezko dokumentu berriak EBko herrialdeei asilo eta migrazio-gaietan krisi-egoeretara egokitzeko aukera emango dien esparru bat ezartzen du, asilo-eskaeren erregistroa eta mugetako asilo-prozesua barne. Gainera, egoera horietan EBri eta estatu kideei elkartasuna eta babesa eskatzeko gaitasuna emango die. Hala ere, estatu horrek ahalmena izango du lagundu edo ez erabakitzeko.

Hala ere, kontuan hartu beharrekoa da joan den ekainean adostu zena, EBko estatu kideetako gobernuak behartuta daudela migratzaileei eta asilo eskatzaileei "erantzun" bat ematera. Lehen aukera kontinentera urtero iristen diren 30.000 asilo eskatzaileak estatu kideen artean banatzea, eta bigarrena, berriz, ukatutako asilo-eskatzaile bakoitzari 20.000 ordaintzea.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroaren arabera, ia Barne ministro guztiek blokeatu zituzten elkarrizketak joan den astean. Grande-Marlaskak akordio honek Europar Batasunaren etorkizunerako duen garrantzia azpimarratu du: "Gaur urrats esanguratsua eman dugu gai erabakigarri batean. Krisi-araudiari buruzko akordio honekin, prest gaude Migrazio eta Asilo Ituna Europako Parlamentuarekin bere osotasunean negoziatzeko, Espainiako presidentetzaren seihilekoa amaitu baino lehen".