10 urteko isiltasun eta ukazioaren ostean, Italiako Stefano Cucchiren hilketaren kasua argia ikusten hasi da. Polizia batek gazteari egindako torturak berretsi ditu orain, eta horretan, Sulla mia pelle filmak ere badu zeresana.
Stefano Cucchi 31 urteko erromatarra bizirik ikusi zuten azken aldia epaitegian izan zen. Handik poliziaren zaintzapean eraman zuten, hilabete barrurako ezarri zuten epaiketaren zain. 20 gramo haxix eta kokaina poltsatxo batzuk edukitzea eta salerostea leporatuta atxilotu zuten 2009ko urriaren 24an. Ondorengo zazpi egun horietan familiak ezin izan zuen ikusi. Astebetera hil zen Erromako ospitalean. Gorpua ubeldurez josita, hainbat hezur eta orno hautsita, eta izugarri argal zegoen.
10 urtez Italiako Poliziak, Justiziak eta Gobernuak ukatu dute gaztea polizien jipoien ondorioz hil izana. Familiak 13 alditan epaitegietara jo badu ere, inoiz ez dute egiarik lortu, denetan aske utzi dituzte akusatutako mediku eta poliziak. Baina pasa den ostegunean, Cucchiren torturen lekuko baten testigantzak, Francesco Tedesco poliziarenak, goitik behera aldatu du egoera. Fiskalari uztailean esandakoa egunotan zabaldu da hedabideetan. Tedescok Alessio Di Bernardo Cucchi eta Raffaele D’Alessandro polizia agenteak egin ditu torturen eta hilketaren errudun nagusi. Eta gainera, Tedescok adierazi duenez, gaztea hil ostean gezurra esateko eskatu zioten. Eta hala egin du 10 urte hauetan, “errepresalien beldur”. Bost polizia daude orain inputatuta. Baina Ilaria Cucchik, Giovanni Cucchiren arrebak, salatu duenez, “140 bat pertsona izan ziren nire nebaren oinazealdiaren lekuko, eta urte luzez han gertatutakoa estalarazi eta errudunak babestu dituzte, baita prozesu judizialetan ere”.
“Sulla mia pelle”
Egia eta justiziaren bila familiak erakutsitako kemena giltzarri izan da. Baina bada Cucchiren kasua argitzeko lagundu duen ezohiko faktore bat: Netflix ekoiztetxeak egindako Sulla mia pelle (Nire azalean) filma. Veneziako azken zinema jaialdian aurkeztu zuten abuztuan eta horren ostean, Italian zabalpen eta eragin handia izan du. Zinema-aretoetan eskaintzeaz gain, herritarrek unibertsitate, plaza eta zentro sozial askotan proiektatu dute, atzean dagoen injustiziaz jakitun. Alessio Cremoninik zuzendutako lanak Stefano Cucchiren azken egunak erakusten ditu. “Salaketarako tresna ezinbestekoa izan da filma. Familiakook ez dugu inongo parte-hartzerik filmean, are gutxiago arlo ekonomikoan. Guretzat hamarkada batez egin dugun borrokaren jarraipena da, eta orain plazak eta zinema-aretoak beteta ikustea, Italiatik kanpoko hamaika herrialdetan ikusgai egotea, Stefano hil zuten bakardadearen kontrapuntua da”.
2009an 190 pertsona hil ziren Italiako espetxeetan. Cucchi 149garrena izan zen.