argia.eus
INPRIMATU
Gaza osoa okupatzeko erabakia, atzeratuta
  • Israelgo lehen ministroa Segurtasun Kabinetearekin biltzekoa zen asteartean, "Gaza osorik okupatzeko planaz" eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko; baina atzeratu egin dute bilera. Israelgo armadaren buru Eyal Zamirrek, aldiz, Gazan diharduten lurreko soldaduei "atseden hartzeko tartea" ematea erabaki du eta soldadu horien zerbitzuak lau hilabetez gehiagoz luzatzea baztertu.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 05
Benjamin Netanyahu lehen ministroa Knesset Israelgo Parlamentuan. Ronen Zvulun / Reuters

Asteartean zen biltzekoa Israelgo Segurtasun Kontseilua, "Gaza osorik okupatzeko" planaz eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko. Benjamin Netanyahu lehen ministroak eman zuen bileraren berri; herrialdeko ministerio nagusietako kargudunekin zen biltzekoa, eta plana martxan jartzeko asmoa zuen. Bilera hori, ordea, atzeratu egin da, Israelgo zenbait hedabidek jakinarazi dutenaren arabera, eta momentuz armadako buruarekin egingo dute kontsulta: Eyal Zamir  martxoaren hasieran izendatutako armadako buru berria erabaki horren aurka agertu da. 

Igandean Itamar Ben Gvir Israelgo Defentsa ministroak egin zituen adierazpenen ostean, astearte goizaldean Benjamin Netanyahu lehen ministroaren txanda izan zen: Israelgo Gobernuaren iturriek hango zenbait hedabideri jakinarazi zioten Netanyahuk Segurtasun Kabinetea biltzera deitu zuela asteartean –herrialdeko ministerio nagusietako kargudunek osatzen dute–, "Gaza osorik okupatzeko planaz" eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko. 

Jerusalemgo Hiri Zaharreko Meskiten Zelaigunera igandean eginiko bisita batean, Ben Gvirrek adierazi zuen soilik Gaza osoa okupatzearekin lortu zitekeela bahitu israeldar guztiak askatzea. Bada, badirudi Netanyahu harekin ados agertu dela, Hamas eta Jihad Islamikoa erakunde palestinarrek larunbatean kaleratutako Evyatar David y Rom Braslavski bahitu israeldarren bideoen ondoren. Bideo horien harira, Israelgo lehen ministroak salatu zuen Hamasek Gazako palestinarrei eta bahituei laguntza humanitarioa jasotzea oztopatzen diela. 

Israelgo Ynet hedabidearen arabera, AEBetako presidente Donald Trumpek astelehenean oiniritzia eman dio Netanyahuri "Gazaren aurkako oldarraldi gogorrago bati" ekiteko, eta hala egin nahi du lehen ministroak: hedabide berari Israelgo Gobernuko iturri batek adierazi dioenez, armadaren lurreko eta aireko erasoak zerrenda osora hedatzea nahi dituzte, baita bahitu israeldarrak dauden eremuetara ere.

Desadostasunak armadan

Armadaren esku dago, beraz, Netanyahuren plana bideragarri egitea. Dena den, Zamirrek dagoeneko adierazi du plana baztertuko duela. Izan ere, astelehenean argitaratutako ohar batean, armadak jakinarazi du Gazan diharduten lurreko tropen zerbitzua lau hilabete gehiagoz luzatzea baztertu duela, soldaduei "atseden hartzeko tartea" emateko. Oharraren arabera, erabaki hori Zamirrek berak hartu du, "soldaduen zerbitzuatzaren kalitateaz" kezkatuta.