argia.eus
INPRIMATU
Neskentzako ‘Lourock’ udalekuak Zarautzen
  • Aurtengo udan rockaren eszenatokira salto egiteko aukera izango dute 8 eta 16 urte bitarteko neskek Zarauzko Imanol Urbieta musika eskolan. Uztailaren 27tik abuztuaren 1era bitartean, neskentzako rock udaleku irekia antolatu du MEFsst! kolektiboak: Lourock Udalekua, hain zuzen.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 02a
Lourdes Olangua Louk azkenekoz abestu zuenekoa. Ok Korral taldeko kide zen Fermin Iraolari eskainitako omenaldia, Kaxerna Gaztetxean, Beran, 2011ko azaroaren 26an. (J.A. ARETA GOÑI JUXE)

2013an sortu zen MEFsst! taldea, rockaren munduan emakumeen presentzia normalizatzeko helburuarekin. Eta helburu berberarekin antolatu dute 2015eko Nesken Rock udalekua.

Udaleku hauek Oregongo (AEB) Portland Unibertsitatean dute oinarri, bertan antolatu baitziren neskei zuzendutako lehendabiziko rock udalekuak 2001ean. Orduz geroztik, munduko toki askotara zabaldu da mugimendu hau.

Zarauzko udalekuetarako izen ematea maiatzaren 25etik ekainaren 15era bitartean egonen da zabalik Lourock udalekuaren webgunean. Bertaratzen diren neskek, udalekuen azken egunean publikoaren aurrean abesti bat jotzearen erronkari egingo diote aurre.

Udalekuari Lourock izena jarri diote antolatzaileek, 1980-90eko hamarkadetan Euskal Herrian taula gainean aritu zen emakume gutxietako bati, Lourdes Olangua Lou zarauztarrari, omenaldia eginez.