Neskek eta mutilek osatutako soka aterako da aurten lehenengoz Beasaingo Loinatz jaietako haurren soka-dantzan. Orain arte mutikoak atera ohi zuten plazara aurreskua eta ondoren neskak gonbidatzen zituzten.
Aurten Beasaingo Udalak, Aurtzaka-rekin eta Ostadar Dantza Taldearekin batera adostu du hemendik aurrera neskak eta mutilak izango direla soka horretan herritar talde batek egindako proposamena ontzat emanez. Aurtengo soka-dantzan gehienez berrogei dantzarik parte hartuko dute, hogei neskek eta hogei mutilek. Berrogei dantzarik baino gehiagok eman dutenez izena, nagusienak aukeratu dituzte aurten soka-dantzan parte hartzeko.
7-13 urte bitarteko neska-mutilek aterako dute soka ekainaren 4an. Aurreko astetik entseguak martxan dira, astelehenetik ostegunera elkartzen dira dantza-irakasleak Alkartasuna lizeoan, 17:30-18:30. Luzaroan irakasle lanetan aritu zen Xabier Sarriegi "Pasatxo"k zerabilen molde berean entseatzen dute; haurrek badakite irakasleak egun eta ordu horietan Lizeoan daudela, beraz, bertara hurbiltzen dira eta banan-banan irakasten diete.
Bestalde, hemendik aurrera, dantzari bakoitzak nahi duen bikoteari dantzatuko dio sokan, generoa kontuan hartu gabe. Orain lehen sokan aterako diren dantzariak bakarrik ari dira dantza ikasten eta entseatzen, baina azken entsegu orokorretan bikoteek ere entseatuko dute. Dantzariek banaka beraien zatiak ikasi ondoren, bikoteekin batera soka muntatu eta denek batera prestatuko dituzte aurreskuaren zati guztiak.
Albiste hau Dantzan.eus atariak zabaldu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.