argia.eus
INPRIMATU
Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika lehenak Gotainen eta Gasteizen
  • Urriaren 1ean Gotaine-Irabarnen jokatu da Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa eta Nerea Ibarzabalek jaso du puntu gehien. Urriaren 2an Gasteizen izan da laugarren kanporaketa, eta bertan Haritz Mujika izan da lehena. Hauek biak, aurreko saioetan irabazle izan ziren Alaia Martin eta Joanes Illarregirekin batera, zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara. Sailkapen taula betetzen ari da, lehen kanporaketetako sei saioetatik lau jokatu baitira, eta fase honetatik saio bakoitzean lehenbiziko postua lortzen dutenez gain beste 13 bertsolari pasatuko dira finalaurrekoetara, sailkapen taularen arabera.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 03a
Gotaine-Irabarnen kantatu zuen seikotea. Argazkia: bertsozale.eus.

Gotaine-Irabarneko gela 650 lagunek bete zuten urriaren 1ean. Hauek izan ziren kantatu zuten bertsolariak eta bakoitzak eskuratutako puntuaketa: Nerea Ibarzabalek 738 puntu jaso zituen eta pare-parean izan zuen Oihana Iguaran, puntu erdi bat gutxiago jaso baitzuen (737,5). Ane Labakak (694,5 puntu), Julio Sotok (691 puntu), Eneko Lazkozek (649,5 puntu) eta Patxi Iriartek (604,5 puntu) ere entzuleen belarriak gozatu zituzten. Hurrengo fasera zuzenean sailkatu den Nerea Ibarzabalek Irungo finalaurrekoan kantatuko du, eta aurreko txapelketan finalista izandako Sustrai Colina du bertan zain.

Gasteizko saioan Haritz Mujika gailendu da

Gasteizko Europa Jauregian ere 650 entzule elkartu ziren urriaren 2an. Haritz Mujikak bildu zituen puntu gehien (695,5 puntu). Miren Artetxek 670 puntu jaso zituen, Iban Urdangarinek 660,5, Xabat Galletebeitiak 655,5, Amaia Iturriotzek 648 Manex Agirrek 573,5. Haritz Mujikak, beraz, zuzenean sailkatzea lortu du eta Donibane Garaziko finalaurrekoetan kantatuko du. Bertan du zain Amets Arzallus, aurreko txapelketako finalista.

Haritz Mujika Gasteizen kantuan. Argazkia: bertsozale.eus
Sailkapen taulari begira

Lehen faseko sei saioetatik lau jokatuta, honela dago sailkapen taula (hemen ikusgai). Bakoitza bere saioan lehena izan delako, zuzenean sailkatuta daude Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Haritz Mujika eta Joanes Illarregi.

Zenbakiei begira, puntu kopurutan hiru izen nabarmentzen dira: Alaia Martinek eta Nerea Ibarzabalek puntu kopuru berbera dute (738) eta bi hauek baino puntu erdia gutxiago soilik du Oihana Iguaranek (737,5). Hauetatik 40 puntuko koxka dago hurrengo multzora: Haritz Mujikak (zuzenean sailkatua Gasteizko saioan lehen egin zuelako) 695,5 puntu eskuratu ditu, honen pare-parean puntu erdi gutxiago Nerea Elustondok (695) eta 691puntu Julio Sotok.

Datorren asteburuan, lehen faseko azken bi saioak

Urriaren 8an Donostian kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeitak.

Urriaren 9an lehen aldiz egingo da Txapelketa Nagusiko saio bat Lizarran, eta bertan arituko dira Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Unai Gaztelumendi, eta guraso izan berri direlako azken saioan kantatuko duten Maialen Akizu eta Asier Azpiroz.