Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko baitaude. Bizitza asko dago.
Urteotan beraiekin lanean jarduteak, dagokizun gaia erakusteaz gain, mundu asko dagoela erakusten dizu eguneroko jardunak. Nerabeak edo adoleszenteak sarri galdurik ikusten ditugu, noraezean, ez dakitela nora joan, harrapaturik, irtenbiderik ez balego bezalaxe.
Eta bai, zulotik ateratzen da, argia ikusten da, baina hainbat nerabek ez dakite hori eta beldurrez, izututa, galduta bizi duten aldaketa handian, sarri norabiderik gabeko zurrunbiloan ikusten ditugu.
Errazena da, noski, pentsatzea sasoiko gauza dela eta onena ezer ere ez egitea dela, ez esku hartzea, denboraren igarotzeak berak konponduko balu bezalaxe datorren egunean, goizeko zortzi t'erdietan berriro aurkituko duzun errealitatea.
Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua
Baina ez da Einstein izan beharrik jakiteko hortxe iraungo duela arazoak, esku hartze arduratsua ez bada sarean gertatzen, edo behintzat norbaitek laguntzen ez badio nerabe horri: konfiantza duzula beragan aditzera emanez, lagunduz behar duen horrexetan, edo zuzenean ezin bada zeharka, akademikoki mundu aberatsa erakutsiz, eta ez dela hain zaila komunikatuz nerabeari, atetxo bat irekitzen diozula bertan gogotsu ibil dadin, eta bide berean bizitzarako konpetentziak eta autoestimua gara ditzan.
Prebentzioa, laguntza, zerbait egitea edo hori baino gehixeago egitea eskatzen digu ikasleak, aurrean dugun pertsonak, eta asmatzeak lanak badakarzkigu, merezi duelako, beren garapena balioesten dugulako murgildurik gabiltza buru-belarri ikusten ez diren lanotan, geure onena eskainiz eta ikasgaiez gain, uste diren baino arazo gehiagori aurre eginez gure gizartean. Zeren, azken finean, guk, irakasleok, une horrexetan sufri genezakeenaren parean, nerabeek nozitzen ari direna gehientsuenetan askoz gehiago baita.
Eta konponbiderako giltza, bidean, zulotik ateratzen dela komunikatzea da, eta jakina irtetea, eta berriro ez apurtzeko bidea erakuts geniezaieke eta egiten diegu, begirunez, maitasunez, arnasa hartzearen balioa erakutsiz, beren ongi izatean lagunduz, zeren hezkuntzak etorkizuna baitu, eta gu geu irakasleok dugun lanik zoragarrienetakoan konprometituz ikasleen onena, altxorra, atera baitezakegu. Hala biz!
Nerea Arrizabalaga Etxaburu, irakaslea