Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.
Nepalgo KP Sharma Oli lehen ministroak dimisioa aurkeztu du astearte goizean, gobernuak jakinarazi ondotik manifestariek bere etxeari su eman diotela. Ke iluna zabaldu da, eta protestan zeuden gazteek ahaleginak egin dituzte hesi funtzioa betetzen duten zuhaitzak eraitsi eta barrura sartzeko. Ez dute lortu. Gauza bertsua egiten ahalegindu dira Komunikazio ministroaren etxean.
Giroa gaizto dagoela dio Reuters albiste agentziak. Istiluak igande gauean hasi eta nabarmen larriagotu ziren astelehenean. Gutxienez hogei pertsona hil dira liskarretan, eta 400 inguru ospitaleratu dituzte.
Ustelkeria kasuak ezagutarazi dira gobernuaren ingurumarian, eta hainbat neurri polemiko hartu dituzte azken egunotan, lehen protesta ekintzak gertatzen hasi zirenean. Tartean, bi hauek: Katmandu hiriburuko distrituan etxeratze agindua daukate, 12:30etik 22:00etara; eta sare sozialak debekatu dituzte, gobernuaren ustez, profil anonimoek gorrotoa eta gezurra hauspotzen dituztelako, eta "momentu delikatu hauetan" ez delako komeni. Ez da lehen aldia Nepalgo Gobernuak sare sozialen aurka jarduten duela; esaterako, 2023an, TikTok aplikazioa debekatu zuen ia urtebetez, "gizartean inpaktu negatiboa" duela argudiatuta. Araudian moldaketa batzuk egitera behartu zuen enpresa txinatarra.
Gazteak, protestaren buru
Z belaunaldia deritzona (1990eko hamarkadaren hondarraren eta 2010eko hasieraren artean jaiotakoak) ari da protestak antolatzen, batik bat fokua sare sozialen debekuan ipinita. Gazteriak etorkizun ekonomiko eskasa duela salatzen dute, herrialdea krisian ari dela jausten eta ondorioak herritarrik gazteenak ari direla pairatzen. Eta, testuinguru horretan, adierazi dute inkomunikazioa ez dela bidea adierazi dute.
Horrez gain, Indiako NDTV telebistak kontatu duenez, gorrotoa hedatu da aspalditxotik "Nepo Kid"-en aurka. "Nepo Kid" edo "Nepo Baby" gisa ezagutzen dira politikarien eta eragiteko gaitasuna duten pertsonen seme-alabak, eta horietako asko Instagram, TikTok eta gisako sare sozialetan haien aberastasuna eta luxuzko bizitza erakusten aritzen dira, bideoak sarri-sarri sareratuz. Haserrea sortzen dute, ez dutelako esaten bere familiak duen diru hori lapurtutakoa dela. Gainera, algoritmoak aldeko dituztela diote manifestariek, eta gobernuko jendearen babesa eta promozioa jasotzen dutela.