argia.eus
INPRIMATU
Neonaziak eta lan baldintza kaskarrak, Amazonek agerian uzten ez duena
  • Lan baldintza txarretan eta muturreko eskuinarekin erlazioa duen segurtasun enpresa bateko guardiek zainduta aritzen dira Amazonek Alemanian dituen lantegiko langileak. ARD telebista kate germaniarrak Ausgeliefert! Leiharbeiter bei Amazon izeneko dokumentala eman du. Bertan, liburuen salerosketa elektronikoaren lider den enpresako aldi baterako langileen baldintzak ikertu dituzte.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 18a
Amazoneko langileek jasaten dituzten lan baldintzek eztabaida sortu dute (Argazkia: Ken James/soopbook.es)

Gabonetako eskaera guztiei aurre egin ahal izateko Amazonek urtero 5.000 langile kontratatzen ditu, gehienak Europa ekialdeko herrialdetatik. Alemaniara iristean konturatzen dira eskaintzak zirudiena baino pobreagoa dela. Orduko bederatzi euroko soldata gordina jasoko dute, eta Amazon ez den beste enpresa batek azpikontratatuko ditu. Dokumentalak erakusten duenez, inguruko herri turistiko eta moteletan ostatua hartzera behartzen dituzte langileak, eta momentu oro zaintzapean dituzte. Kamera aurrean hitz egitera ausartu den langile bakarrak salatu du guardiek nahi dutenean logeletan sartu eta miatzeko baimena dutela.

Segurtasun enpresa horrek ere eztabaida piztu du azken egunetan. HESS Hensel European Security Servicesen siglak dira. ARD kate publikoak iradokitzen du Adolf Hitlerren idazkari eta gertuko jarraitzalea zen Rudolf Hessen omenez izan daitekeela. Ez da naziekin duten lotura bakarra. Guardiek Thor Steinar markako arropa janzten dute. Muturreko eskuineko taldetako kideek erabiltzen dute eta, besteak beste, Bundesligak (Alemaniako futbol ligak) eta parlamentu federalak euren eraikinetan debekatu dute. Amazonek berak 2009an arropa hori saltzeari utzi zion.

Enpresa estatubatuarrak dokumentalean hitz egiteari uko egiten dion arren, The Guardian egunkari britainiarrari esan dio HESS segurtasun enpresa eta langileekin duen jarrera aztertuko dituela. Diskriminazioa eta larderia onartezinak direla azpimarratu dute. Dena den, Amazonek zuzenean ez dituela kontratatu nabarmendu du.