argia.eus
INPRIMATU
Epai historikoa Grezian neofaxismoaren aurka: “Egunsenti Urrekara erakunde kriminala da”
  • Atenasko Apelazio auzitegian alderdi neofaxistako 60 kide baino gehiago eseri dira, horien artean Nikolaos Michaloliakos buruzagia. Epaia argia da: Egunsenti Urrekara ez da alderdi politikoa, erakunde kriminala baizik. Epaiketa berean Pavlos Fyssas 'Killah P' rap abeslari antifaxistaren hiltzailea ere zigortu dute.

Axier Lopez @axierL 2020ko urriaren 07a
Egunsenti Urrekarako buru Nikolaos Mijaloyakos 2013an atxilotu zuten unea.

Alderdi politiko ohian aritutako 68 pertsona auzipetu dituzte, Nikolaos Michaloliakos buruzagia barne, hilketa, erakunde kriminala eta beste delitu batzuk egotzita. Nazismoaren aurkako Nuremberg auzia izan zenetik epaiketarik handienetakoa izan da gaur amaitu dena. Atenasko Apelazio Auzitegiak asteazken honetan erabaki du Egunsenti Urrekarako buruzagitza, Michaloliakos buru, erakunde kriminal bat zuzentzearen erruduna dela.

Grezian eta mugimendu antifaxistan mugarri da epaia: Egunsenti Urrekara-ren zuzendaritzaren agindupean eta babespean egin zituzten krimenak haren kide eta militanteek. Michaloliakos eta Egunsenti Urrekarako beste sei buruzagi talde kriminala zuzentzeagatik erruduntzat jo dituzte eta beste hemezortzi pertsona erakunde kriminal horretako kide izateagatik zigortu.

Egunsenti Urrekara Greziako hirugarren indar parlamentarioa izatera iritsi zen, parlamentuko 300 eserlekuetatik 18 lortuta. Hala ere, Greziako azken hauteskundeetan, alderdiak ez zuen ordezkaritza lortzeko behar zituen botoen % 3 baino gehiago eskuratu.

'Killah P '

Grezian oso ezaguna den eta arrabots handia eragin zuen kasu bati buruzko zigorra ezarri dute epaiketan: 34 urteko Pavlos Fyssas "Killah P" rap abeslari antifaxistaren hilketa 2013ko irailean. Egunsenti Urrekarako kide Giorgos Roupakiasek aitortu zuen berak hil zuela labankadaz. Roupakias errudun jo dute eta bizi osorako espetxe zigorrari aurre egin beharko dio.

Atenasko Apelazio Auzitegiaren inguruan ehunka polizia bildu dira aurrean zituzten milaka manifestariren bueltan. Han bildutako antifaxistek kartzela zigor luzeak eskatu dituzte, "Beldurrak ez du irabaziko" eta "naziak kartzelan" zioten pankartak zeramatzatela. Epaiak jakitera eman ostean poza zabaldu da manifestarien artean. Ondoren, poliziek gas negar-eragileak bota dituzte jende artera.

Pavlos Fyssasen ama epaia jakin ostean: