argia.eus
INPRIMATU
Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da
  • Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 08a
Barruan osoko bilkura hastekoa zelarik, 9:15 aldera, indarka sartzen ahalegindu dira.

Ostegun goiz eta eguerdian tentsio handiko unea bizi izan dira Nafarroako Foru Parlamentuan. Foruzaingoak jakitera eman duenez, hamabi pertsona identifikatu dituzte, eta Gobernuak esan du karguak egotziko dizkiela; ez dute azaldu, baina, desordena publikoak eragiteagatik, bide administratibotik edo judizialetik zabalduko ote diren. 2024rako Foru aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta bozkatu dute bilkuran, eta hori aprobetxatu du F6 plataformak protesta egiteko.

Aurrez hala adostuta, baserritarren ordezkaritza batek (UAGN, EHNE, UCAN eta F6) gonbidatuen tribunatik bilkura jarraitzeko aukera izan du. Horietako batzuei hainbatetan kargu hartu die Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, euren jarreragatik.

Saioa amaitu denean, 15:00 aldera, nekazariak eraikinaren atzeko eta aurreko irteeretara hurbildu dira, eta horietatik atera diren ordezkari politikoak iraindu dituzte. Berriro, tentsio uneak bizi izan dira polizien eta nekazarien artean. 15:30 aldera traktoreak erretiratzen hasi dira, eta protesta amaitutzat eman dute.

“Nafar guztiak ordezkatzen gaituen erakundeari eraso egin diote; erakunde demokratiko bat da", azaldu du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak. “Okerrena da ez dakigula noraino hel daitekeen zenbait egitura politikoetatik hauspotutako mugimendu hau”. 

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari eta gobernuko eledun Amparo Lopezek zera esan du:"Gaur Nafarroako Parlamentuan izandako gertakari onartezin eta larria salatzen dugu: indarrez sartzen ahalegindu dira Parlamentura, eta Foruzaingoaren esku-hartze azkarrari esker lortu da geldiaraztea. Horiei egindako lana eskertu nahi diet. Lehen aldiz gertatu da halako zerbait Nafarroako Parlamentuan".