argia.eus
INPRIMATU
Neguari ongietorria antzeztu eta protesta martxa iragarri du Getxoko Tosu Betirako Asanbladak
  • Euren gorputzak biluziz eta lasto-buztinez estaliz eman dute prentsaurrekoa Tosu Betirako Asanbladako sei kidek. Alegia, neguari aurre egiteko hormetan ipiniko duten material bera erabili dute, sinbolikoki, datozen asteetan Getxoko baratze okupatuan egingo dituzten prestakuntzak iragartzeko. Erakundeen eta Viviendas de Vizcaya higiezin-sustatzaileen asmoen aurka urriaren 19an egingo duten martxarako deia egin dute, halaber.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko urriaren 15
Urriaren 19an Bizkaiko Zubitik abiatuko den 'Getxo lotsagarria oinez' martxan parte hartzeko deia egin dute Tosu Betirako-ko kideek. (Arg.: IƱigo Fernandez de Martikorena).

Getxon porlanak estaltzen ez duen azken bazterretako batean, Tosun, baratze bat dago okupatuta duela 45 egunetik. Bertan aparkaleku handi bat egitea aurreikusita dago, aspaldi eraikita dagoen baina erabiltzen ez den Ibarbengoako metro geltokiari zerbitzua emateko xedea duena ustez. Tosu Betirako Asanbladako kideek, prentsaurreko berezi baten bitartez, orain arte bertatik igaro diren guztiei eskerrak eman eta datozen asteburu bietan kanpaldia negurako prestatzen jardungo dutela iragarri dute, “auzolana eta bioeraikuntza medio”.

Gorputz gainean basa eta lastoa besterik zutela irakurri dute agiria asanbladako kideek, suaren inguruan jesarrita. Urri hasieran inguruan egin nahi izan zituzten desjabetzeak geldiarazteagatik poza adierazi dute; orain arte lortutako babesak eta zabalkundeak bertan jarraitzeko indarra eman dietela gaineratu eta gunea hotzari aurre egiteko egokitzapen lanen berri eman dute.

Gainera, urriaren 19an egingo den martxarako deia egin dute. Bizkaiko Zubitik abiatuko da goizeko 10:00etan, Getxo lotsagarria oinez lelopean. “Instituzioek egindako sarraskiari kritika zorrotza egin eta aldi berean egun pasa egiteko aukera izango da. GHAPO (Hirigintza Antolaketa Plan Orokorra) eta euren plan desarrollisten aurrean, guk zer esana badaukagula entzun dezatela”.

Tosu Betirako Asanbladak ez ezik, Getxoko EH Bilduk, Podemosek, Ernaik, PTParen Aurkako Asanbladak, Auzokideak auzo elkarteen koordinadorak eta Erromoko Auzokideen Elkarteak egin dute domekako ekimenean parte hartzeko deia.