argia.eus
INPRIMATU
Neguan etxebizitzei gasa eta argindarra moztea debekatu dute Frantziako Estatuan
  • Azaroaren 1etik martxoaren 21 arte, "neguko tregoa" deiturikoa egingo dute Frantziako Estatuan. Aurreko urteetan bezala, data horien artean alokatzaileak ezingo du maizterra etxetik kaleratu, nahiz eta azken honek ordaintzeko dirurik ez izan. Aurten lehen aldiz, gainera, gas eta argindar konpainiek ezingo dute inor zerbitzurik gabe utzi.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko azaroaren 04a
Frantziako Estatuan ezingo da etxe kaleratzerik egin neguak iraun bitartean. Elkartzenbilbo

Hala, sektorerik kaltetuenak babestu nahi ditu araudiak, negu gorrian kalean gera ez daitezen edo etxean hotza pasa ez dezaten. Izan ere, 2012an berogailua pizteko adina energiarik gabe geratu ziren 600.000 etxebizitza. Dena den, tregoak ez du zorrik kitatzen.

Etxerik gabekoak laguntzeaz arduratzen den Abbe Pierre Fundazioaren arabera, krisi garaiotan ere etxe kaleratze bortitzak jasaten ari da jendea Frantziako Estatuan. Urtero, martxotik urrira epaileek 110.000 kaleratze agindu ematen dituzte eta horietatik 50.000 inguru gauzatzen dira.

Fundazioaren hitzetan, gutxienez hiru milioi lagun baldintza prekarioetan bizi da Estatuan eta beste bost milioi arriskuan daude, alokairua ordaintzeko dituzten zailtasunak medio.

Neguko tregoa eskatu dute Katalunian

Beste leku batzuetan ere hasi dira Frantziaren antzerako tregoak eskatzen. Katalunian adibidez, ura, argindarra edo gasa ordaindu ezin dutenak neguan zerbitzurik gabe ez uztea proposatu du Rafael Ribó Herriaren Defendatzaileak. Ribók aurkezturiko pobrezia energetikoaren txostenean azaltzen denez, aspaldiko arazoa da pobrezia energetikoa eta 65 urtetik gorakoak, guraso bakar direnak eta langabezian daudenak dira kaltetuenak.