Negua hibernazioa da. Gure lurraldean beste aukerarik ez zen, lehen. Negua izaten zenean; neguko solstizioak, gau luzeenak eta egun motzenak eragin gogorra zuenean. Hemendik atzera zer datorkigun ikuskizun, agian “hibernazioa” hitza bera ere galduko da; beno, ia galdu, hiztegiren batean apika jasoa izango da baina datozenen mingainentzako esan zaila bihurtuko da, “hostaiska”, “leikarraldo” edota “kapulpe” bezala. Garunetik di-da erauzitako bizierak, bizien berriak.
Hibernazioa geldialdia da. Bizimoduaren bilakaera apaldu, indarrak eta kemenak alde batera utzi, burua pittin bat makurtu eta geure baitan goibeheratu.
Geldialdia hausnarketa da edo burutapen ariketa. Hobe genuke bai neguero neguago litzatekeen beste negu bat. Hibernazioa eta geldialdia lekarkeena, eta hausnarketa gehiago. Egungo bizimoduak horixe galaraztea du helburu: hotzik ez, ilunbistarik ez eta argi liluraz itsutu, atsedenik gabeko lan eta lan egin beharra, kontsumo itogarria, soilik argazkiak ateratzeko jan edota bidaiatu beharra. Negu gehiago mesedez.
Hausnarketa elikadura da. Elikadura egokirik gabe gaixotuta edo goseak biziko gara. Zabor janariak hiltzen gaitu, eta goseak ezindu, sorgortu, herbaldu. Gaixoak edota gose denak ezin du hausnartu, ez du gogoetarako astirik. Egoki jan duenak soilik egin dezake aurre, atzera ekin eta atzera egiteko, biharra zalantzan jartzeko. Elikadurak ematen digu hausnarketarako beta; janak janzten gaitu, eta jakiek jakintza dakarkigute.
Elikadura hazia da. Haziak jasota edo dagoeneko asko dauden bezala lurrean ereinda gure hausnartzeko gaitasuna eta bizimodua jagoten dugu. Neguak biribiltzen du gure urteroko joan-etorriketa. Jasotako uztak jango ditugu; kasta guztietako kontserbak, fruituak –altxa-sagarra (Malus domestica), kuia (Cucurbita pepo)…– eta, batez ere, haziak –garia (Triticum aestivum), garagarra (Hordeum distichon), hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia), gaztaina (Castanea sativa), arbendola (Prunus dulcis), babarruna (Phaseolus vulgaris), artoa (Zea mays)…–.
Hazi batetik dator mundua, mundu guztiak. Horregatik, neguan haziak jan aurretik, atzera berriz zer jan izan dezagun hazi onenak apartatu eta jaso egiten dira, hazitarako, ereiteko. Apartatutakoa gure gustukoa izango da, gure izaeraren adierazle. Urtea joan eta mendea etorri haziak apartatuz sortu dugu gure kultura. Zer jan badugulako; janak denbora ematen digulako, hausnartzen jakin edo ez. Negu on!