argia.eus
INPRIMATU
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban
  • Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 10
Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira langile publikoak. LAB

LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta greba egin dute Nafarroako funtzio publikoan asteazken honetan, Funtzio Publikoaren Estatutua berritzea eskatzeko eta behin behinekotasuna murrizteko, besteak beste. Jarraipena desberdina izan da sektorearen arabera, hala, grebak arrakasta handiagoa izan du irakaskuntzan, baina ez hainbeste Osasunbidean edo administrazio publikoko langileen artean –%4,8 eta %13,8, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuaren arabera–.

Sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "abusuzkoak" izan direla sektore askotan, eta horrek eragin nabarmena izan duela jarraipenean. Hala, Osasunbideako zenbait arlotan %80koak izan dira gutxieneko zerbitzuak, eta kasu batzuetan %100ekoak: "Langile publikoek zail dute sektore askotan greba egin ahal izatea", azaldu dio CCOOko Unai Alavak Euskalerria Irratiari.

Eguerdian Iruñeko Nafarroako Jauregi parean elkarretaratu dira grebalariak, baina manifestazio jendetsuena arratsaldekoa izan da eta ehunka lagun bildu ditu Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuta. Amaieran, LABeko ordezkari Iosu Arraizak esan du "prest" daudela mobilizatzen jarraitzeko.

Sindikatuek salatu dute urtebete daramatzatela Funtzio Publikoaren Estatutua berritzeko bidean aurrera egin gabe eta Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko kontseilari Amparo López egin dute egoera horren arduradun: "Prozesua modu posible guztietan boikotatzen eta gure lan guztia pikutara botatzen saiatu da", salatu dute.