argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Negoziatzeko abileziak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko abuztuaren 30a
Jaurlaritzak abuztuaren 29an abiatu du urte politiko berria, ohiko legez, Donostiako Miramar Jauregian eginiko Gobernu Kontseiluan. Argazkian, Urkullu Lehendakaria hizketan, gobernuko kideak aurrean dituela. (Argazkia: Irekia)

Inongo titularretan ez da ageri Jaurlaritzak fosforitoz markatu zuena kurtso politiko berriaren hasiera honetan. Zerbitzu publikoen "etengabeko hobekuntzan” zentratuko direla hitzematen zigun Urkulluk, baita etxebizitza-politikan eta berdintasunean ere, eta “kalitatezko” enplegua sustatuko dutela. Alamena eman zioten kazetariek Espainiako egoera politikoarekin, eta Lehendakariak, asmo gehiago edo gutxiagorekin, jarri zion puntua gaiari, irakurketa hau eginda: Espainiako Gobernu berriak gobernagarritasun bermea izateko, alderdi nazionalista eta abertzaleek hasi eta buka babestu beharko dute, inbestiduratik hasi, aurrekontuak osatu eta Moncloarentzat lege-ekimen garrantzitsuenak eztabaidatu eta ahal bada onartuta. Orain arteko abstentzioaren edo batzuen batzuetako baiezko eta besteen besteetako ezezkoen jokoak dagoeneko ez du zentzurik; guztiek esan beharko dute beti baietz. Horregatik, abagunea baliatuta iradoki du Urkulluk “estatu eredu berria” behar duela Espainiak.

Etxe barrura baino, eragile gehienak ari dira Espainiara begira. Eta Espainiako joko-mahaia nola dagoen ikusi ondotik egiten dira etxe barrura begirako analisiak. Espero da bai EAJk eta bai EH Bilduk PSOEren hautagaiari babesa ematea Madrilen, baina zalantzarik handienetakoa da horrek nori egiten dion mesede, alegia, nor den PSOE gehien presionatzeko eta harekin ondoen negoziatzeko gai, eta nabarmentzeko, jakina.

Etxebizitzaren Legea eta gisakoek markatu dute ezberdintasuna jeltzale eta subiranisten artean, eta distantzia markatze horrek ezarriko du gidoia etxeko politiketan, jomugan baitaude oraindik datarik ez duten Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Urte luzean EAJ izan da “Euskadiren ahotsa Madrilen”, eskumenen transferentzien eragile, baina etxebizitza legeak “eskumen propioak urratzen” dituela argudiatu du, nahiz Generalitateak “errefortzurako” baliatuko duen araudia; eta katalanak Renferen tren zerbitzu guztiaren transferentzia lortzear egon daitezkeen honetan, herritarrei gero eta etsigarriagoa egiten zaie Renferen trenak atzerapenarekin funtzionatzeak beti, batez ere hiriburuetan autoz sartzea ezinezko bihurtu delako, eta, jakina, autoaren depositua betetze hutsa labankada gero eta mingarriagoa jasatea delako. Aldirietako trenaren eskumena Jaurlaritzari transferitzeko bide orria zaharkiturik geratu da eta uste dut dagoeneko inor ez dela akordatzen “biharko bileran gauza daiteke” eta antzerakoak saldu zizkiguten garaiaz.

Urte politiko korapilatsua izango da munduaren bazter honetan. Osakidetzaren konponbide errealik ez da aurreikusten, etsipenez aitortu ditu gizarteak itxaron-zerrenda amaigabe eta askotan jasanezinak, baita etxebizitza eskuraezinak eta eros-ahalmenaren galera handiak ere. Ea zein parlamentutan konpon daitezkeen ordea azken afera horiek. Agian horregatik inork ez ditu fosforitoz markatu Urkulluk eta bere gabineteak azpimarratu nahi zituzten "urte honetako zereginak".