argia.eus
INPRIMATU
Negartiak eta malkoak
  • Bizitza honetara malkotan jaiotzen garela diote. Ni ez naiz egun hartako ezertaz gogoratzen, baina hala bada arrantza galantak egingo nituen. Landareetan ez da ez arrantza, ez lantu, ez maina, gure jakintza iristen deneraino, ez dugu ezagutzen behintzat… Gure espeziea desagerrarazteko daramagun borrokak nahiko denbora ematen badigu, agian egunen batean jakingo dugu landareen negarren berri.

Jakoba Errekondo 2023ko abenduaren 25a
Txori-negarra. Argazkia: Wikipedia.

Formaz bai, formaz negartiak diren zuhaitzak eta zuhaixkak badira. Mutazio edota hibridazioen medioz landare arruntetan ohikoa duten goranzko edo horizontala duten hazkundea beharrean zeharo goitik beherakoa duten adarrak aurkitzen dira. Adar horietatik mentuak hartu eta beste batzuk txertatuz sortzen dira landare negartiak. Zuhaitzetan ale horiek oso deigarriak dira eta batean eta bestean gero eta gehiago ikusten dira. Adar guztiek duten beheranzko hazkunde horrek goitik beherako egitura bereziko zuhaitza eraikitzen du eta negartia esaten zaio; guk, zehatzago, zintzilikarioa edo dilindaria esan beharko genioke.

Formak utzita, malkoak eta negarra, gure irudipenean, gero etorriko dira. Orain neguko loa antolatzen ari dira. Klorofilak eta hostoetan dituzten elikagai apurrak enborreko eta sustraietako biltegietan jaso; udaberria jantziko duten hosto, kimu eta lore berriak emango dituzten begiak, ninikak edo pipilak ezkataz babestu; eta abar.

Sasoi berriak ekarriko du malkoen erritua. Malkoa nonahi azalduko da tratu txarrak jasan dituzten landareetan. Batik bat fruta emateko lantzen ditugunetan. Fruta arboletan ere gertatzen da, baina batez ere izaera igokaria dutenetan gertatzen da, mahatsondoan (Vitis vinifera) eta kiwian (Actinidia deliciosa). Inausketaren ondorioa da malko jarioa. Adarrak ebaki eta izerdi berria bere poz eta alaitasun erabatekoekin bor-bor sustraietatik datorrenean bere bide den hoditeria moztu eta irekia topatzen du. Landarearen berpizkundea dakarren izerdi hazkurritsuak zauritik tantaka erori beste aukerarik ez du. Zauri bakoitza malkotan, negar-malkotan. Errioxan mahastia negarrez ari dela esaten diote. Hostoak ikusi aurretik sasoi berria badatorrela adierazten duen negarra.   

Udaberria aurrera beste negar bat etorriko da: txori-negarra. Hala esaten zaio fruitu hezurduna ematen duten arbolen zaurietan sartzen den gaitz bati erantzunez landareak izerdiarekin sortzen duen erretxin itxurako jariakin bati. Laranja-gorri kolorekoa, erdi garden anbarkara, urtzen ari den kandelak sortzen duen jariakinaren antzeko formakoa, sorreran biguna baina gero gogorra. Txorien negar poetikoa.

Negar guztiak zaurietatik sortzen dira, landareetan behintzat…