argia.eus
INPRIMATU
Neandertalak uste baino geroago arte bizi izan ziren Lezetxikin, ikerketa berri baten arabera
  • Arrasateko Lezetxiki haitzuloan –duela gutxi jakin denez AHTren obrek kaltetua–, neandertal gizakia Aurigñac aldira arte bizi izan zela baieztatu du Bordeleko unibertsitateko ikerlari batek, aztarnategian azaldu ziren haginak berriz aztertu ondoren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 02a
Urte luez egin dira indusketak Lezetxikin eta estratigrafi zabalak ere ahalbidetu du jakitea neandertalak uste baino beranduago arte bizi izan zirela haitzuloan (argazkia: IPHES)

Euskal Herrian dagoen historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenetakoan, Lezetxikin, neandertalen presentzia jakina zen, baina ikerketa berri batek ziurtatu du uste zena baino geroago bizi izan zela homo espezie hori.

AHTren obrek haitzuloari egindako kalteen inguruko albistean hedabide honek asteazkenean aurreratu zuen bezala, Bordeleko Unibertsitateko Diego López Onaindia ikerlariak artikulua plazaratu berri du American Journal of Biological Anthropology aldizkarian, nazioarteko beste hainbat ikerlarirekin batera –tartean dago EHUko arkeologo eta Lezetxikiko indusketetako zuzendari Alvaro Arrizabalaga–. 1966an Jose Migel Barandiaranek egindako indusketetan Lezetxikin azaldutako bi haginen inguruko datu gehiago ematen ditu ikerlanak.

Lezetxikin oso ongi ikus daiteke Moustier aldiko eta Aurigñac aldiko garaien arteko trantsizioa: lehenengoan neandertalak ziren nagusi; bigarrengoan homo sapiens edo egungo gizakia gailendu zen

Lópezek Twitter bidez azaldu ditu bere lanaren nondik norakoak eta Lezetxikin AHTren tunel btek etgindako kalteez ere kezka azaldu du: "Ez dut ulertzen nola onartu daitekeen honakorik 21. mendean gertatzea".

Giza Palentologiaren eta Eboluzio Sozialaren Kataluniako Institutuak (IPHES) ere eman dio oihartzuna ikerketari. Haitzuloan indusketak aspalditik ari dira egiten eta horrek Lezetiki "historiaurrea ezagutzeko erreferentziazko aztarnategi" bilakatzen duela dio IPHES-ek, industutako estratigrafiak historiaurreko kultura ia guztiak jasotzen dituelako.

Hain justu, Lezetxikin oso ongi ikus daiteke Moustier aldiko eta Aurigñac aldiko garaien arteko trantsizioa: lehenengoan neandertalak ziren nagusi; bigarrengoan homo sapiens edo egungo gizakia gailendu zen. Azken datazio kronologikoek diotenez, baina, Mouster aldikoak jotzen ziren aztarna litiko ugari Aurigñac aldikoak ere izan daitezke, eta beraz, sekuentzia estratigrafiko horietan agerturiko haginak neandertalenak ote ziren zalantza zegoen.

Lópezek haginak eskaneatu eta xeheki aztertu ondoren baieztatu du neandertal helduenak direla. Hortaz, "neandertalen presentzia Iberiar Penintsularen iparraldean uste baino askoz geroagokoa" dela baieztatzen dute Lezetxikiko aztarna horiek, 57.000 eta  32.000 urte artekoa.