Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan berretsi egin dute neandertala han ibili zirela, eta, gainera, ikusi dute maiz ibili zirela.
Uztaileko hamabost egunetan, hamar bat boluntariok eta arkeologok osatutako taldea bi zundaketa oso sakon induskatzen aritu da, bakoitza ia 3 metroko altuerakoa, historiaurreko aztarnak aurkitzeko asmoz. Lehen zundaketan 14.000 urte dituzten piezak aurkitu dira (Madeleine aldia), sapiensenak. Bigarrenean, berriz, maila oso zaharretara iritsi dira, eta neandertalen piezak aurkitu dituzte.
Indusketa horren emaitzak oso positiboak izan direla adierazi dute arkeologoek. Argitu dutenez, aurkitutako materialek erakusten dute neandertalak ez zirela noizean behin igarotzen haitzulotik, baizik eta maiz erabili zutela azken glaziazioaren faserik epelenean, duela 41.000 urte inguru.
Aurkitutako aztarnen artean, tresna ebakitzaileak zizelkatzeko erabilitako hainbat harri-mota identifikatu dira. Bestalde, ikusi dute Urbasatik, Trebiñutik eta Flyschetik ekarritako silexak erabili zituztela. Horrek esan nahi du neandertalek San Adrian hartu zutela lurralde zabalean egiten zituzten joan-etorrietarako pasabide estrategiko gisa.
Harrizko aztarnez gain, animalia-hezurren zatiak ere aurkitu dituzte; bai neandertalek hildako eta kontsumitutako piezak, baina baita haitzuloan bizi izan ziren beste haragijale batzuen arrastoak ere, hala nola hartzenak. Hori dela eta, ongi bereizi behar dituzte neandertalek harrapatutako harrapakinei dagozkien hezurrak eta haragijaleek eraman zituztenak, eta, horretarako, hezur bakoitzean ikusitako hausturak eta markak hartu behar dira kontuan.
Okupazio horiek izan ziren geruzetan gero eta hondakin gehiago agertzen dira, eta hurrengo kanpainetarako espero dute ebidentzia-multzo zabalagoa berreskuratzea, San Adrianen neandertalek egin zituzten jarduerak interpretatu ahal izateko.